Elkarlanean aritzea ahalbidetuko lukeen akordiorako negoziazioan pauso berriak ematen ari dira Lekeitioko EH Bildu eta EAJ, eta udal gobernua osatzeko gero eta hurreago daudela dirudi.
Orain dela hiru aste, bataren eta bestearen programako lehentasunak jasotzen zituzten dokumentu bana idazteko gelditu ziren alderdi biak eta testu horretan bien elkarlanerako ezinbesteko baldintzak eta neurriak zehaztu behar zituzten. Joan den barikuko batzarrean, dokumentu biak oinarrian uztargarriak direla ikusi zuten, nahiz eta desadostasunen bat edo beste egon. Horrela, EH Bilduk bi dokumentuen edukiekin uztartutako zirriborroa proposatu zion EAJri, talde bien oinarrizko programa bateratua eta elkarlanerako baldintzak batzen zituena. Proposamen hori aztertu eta oinarri horren gainean ekarpenak eta planteamenduak egingo ditu gaurko bileran EAJk.
Lekeitioko alkatea eta zinegotziak udaletxeko osoko bilkura aretoan.
“EAJk aurkeztutako dokumentuan agertzen diren lehentasun programatikoekin ados egon daiteke EH Bildu, eta lehen batean, EAJk ere onar ditzake EH Bildurentzako lau urte hauetan garatu beharreko ekimen nagusiak”, jakitera eman dute Lekeitioko EH Bildukoek.
EH Bilduren ustez, garrantzi handikoa litzateke aitatutako terminoetan akordioa eta elkarlana gauzatzea. Diotenez, horrek erakutsiko luke-eta hauteskundeen emaitzen islada justuagoa. “Guk horretan ekingo dugu, hau da, elkarlana gardentasun osoz izan dadin eta herritarren beharrizanen araberako herrigintza egiteko”.
ALDERDI BIEN LEHENTASUN ETA BALDINTZAK UZTARTUZ EH BILDUK EGINDAKO PROPOSAMENA