Mendizaletasunaren inguruko hainbat ekintza dakartza mendi asteak
Ondarroako Aurrera mendi taldeak bihar hasiko du XV. mendi astea. Taldeko arduradunak urteurren bereziaren aurrean gogotsu azaldu dira. «Atzo zelakoan, dagoeneko 15 urte bete ditu egitasmoak», nabarmendu dute.Ekimenak, berez, aurreko asteburuan egin ...
Ekimenak, berez, aurreko asteburuan egin zen GPS ikastaroagaz hasi ziren, eta hurrengo egunetara begira lau ekimen prestatu dituzte Aurrera mendi taldeko kideek. Denak ere asteburuan egingo direla nabarmendu dute. «Sasoi batean, ekimen guztiak aste berdinean egiten genituen, baina jende gehiago batze aldera asteburuan egingo ditugu».
Lehenengo ekimena, bihar izango da Andoni Ormazabal eskatzaile urretxuarraren eskutik. Lehoinabarren aztarna deritzon diapositiba emanaldia proiektatuko da Kofradia Zaharrean. Bertan, besteak beste, 23 urtegaz Cho Oyu mendian hil zen Xabier Ormazabal mendizaleari buruzko hainbat argazki proiektatuko ditu haren anaiak.
Hurrengo barikuan ere, hilaren 27an, beste diapositiba emanaldi bat egingo da; kasu horretan, Iker eta Eneko Pou eskalatzaileen eskutik. Pou anaiek, euren espedizioetako hainbat argazkiri buruz hitz egiteko tartea izango dute. «Mendi astea egin zen lehengo urteetan ere hemen izan genituen, eta urteurren berezi honi begira gonbidatu ditugu berriro. Esperientzia asko dute mendian eta euren ahotik hori guztia entzutea interesgarria iruditzen zaigu».
Jai giroan
Hilaren 28an, boulderra probatzeko aukera izango dute gazteenek. Azkenik, eta mendi asteari amaiera emateko, finalista eguna egingo dute hilaren 29an.
Ohi modura, mendizaleek Ondarroatik irtengo dute; Alamedatik, Kalamendira joango dira, eta Berriatuako plazan geldiadia egingo dute, «beste batzuekin elkartzeko». Handik, Magdalena auzora igoko dira, eta hantxe egingo dute finalista eguneko jaia. «Argazkia atera, hamaiketako jan eta opariak banatuko ditugu».