Udalak idatzizko harremanak ere euskara hutsean izatea nahi du
Kanpaina berria aurkeztu du euskara arloak. Herritarrek ez ezik, udal, erakunde eta enpresek ere euskararen aldeko apustua egin dezaten eskatu duHizkuntza irizpideak onartuta ditu Gernika-Lumoko Udalak, eta, horien arabera, herritarrekin zein gainontze...
Kanpaina berria aurkeztu du euskara arloak. Herritarrek ez ezik, udal, erakunde eta enpresek ere euskararen aldeko apustua egin dezaten eskatu du
Hizkuntza irizpideak onartuta ditu Gernika-Lumoko Udalak, eta, horien arabera, herritarrekin zein gainontzeko erakundeekin harremanak euskara hutsean izatea hautatu du. Beraz, egunerokotasuneko idatzizko harremanak ere euskara hutsean izan daitezen gura du Gernika-Lumok. Hori bultzatzeko kanpaina bat hasi du, eta hori aurkezteko prentsaurrekoa eman zuten atzo euskara zerbitzuko teknikariek eta euskara zinegotziak.Karlos Gorrindok azaldu zuenez, Gernika-Lumoko Udalak konpromiso zehatza du euskararekiko, eta kanpaina berri horrekin konpromiso hori berretsi nahi du.
Bittor Zarrabeitiaren esanetan, euskaraz erregistratu diren idatzien kopuruak gora egin du azken hiru urteetan, eta datu hori positiboa dela esan zuen. Dena den, gaur egun oraindik %25 da, gutxi gorabehera, idatziak euskaraz aurkezten dituzten herritarrak. «Erregistroean euskara hutsean sartzen diren agiri gehienak herritarrenak dira», zehaztu zuen.
Erakundeen joera, gaur egun oraindik, elebitasuna dela aipatu zuen atzo Zarrabeitiak. Hala, Gernika-Lumoko Udalak dituen hizkuntza irizpideak errespetatzeko eskatu zuten kanpainako arduradunek. «Herritarrak berak hautatzen duen hizkuntza errespetatzen den legez, udalak hautatu duen hizkuntza errespetatzeko eskatzen diegu gainontzeko udal eta erakundeei».
Erakundeekin ere euskaraz
Horretarako da euskara erabiltzearen alde Gernika-Lumoko Euskara sailak abiarazi duen kanpaina. Gernika-Lumon euskaldun eta ia euskaldun direnen arteko kopurua altua dela esan zuen Zarrabeitiak atzoko prentsaurrekoan: %85, hain zuzen ere. Horregatik, Gernika-Lumoko Udalak euskaraz eta… Zuk zergatik ez? goiburu duen kanpaina euskaldunei zuzenduta dagoela esan zuen; udal eta herritarren arteko idatzizko harremanak ere euskara hutsean izan daitezen. Informazioa eta datuak biltzen dituen 10.000 eskuorri banatuko dituzte. Bestalde, gutunak ere bidaliko dituzte, udaletara, erakunde publikoetara eta Hitzarguneko kide direnei zuzenduta. Udalarekin hitzarmena duten enpresa, merkatari eta elkarteak biltzen ditu Hitzargunek; 300 bat, gutxi goraberera.
Euskara zinegotzi Marisa Aldamizetxebarriak udala euskaraz funtzionatzeko prest dagoela gaineratu zuen, eta herritarrekin duen harremanetan euskararen erabilera handia dela. Hala, euskarazko harremanak jorratzea garrantzitsua dela esan zuen, eta, horretarako, denen laguntza beharrezkoa dela.