Bi aste barru Orica-GreenEDGE taldeagaz batuko da Italian Amets Txurruka (Etxebarria, 1982) txirrindularia etapa berri bateri hasiera emanez. Talde berrian gustura egongo dela uste du.
Amets Txurruka txirrindularia.
Caja Rural taldean hiru urte egin dituzu. Zelan baloratzen dituzu?
Hiru urteak onak izan dira. Lehenengoa oso ona izan zen. Euskalteletik irten eta lehen urtean aldaketa nabaritu nuen, baina ondo aurkitu nintzen eta lehenengo garaipena ere hantxe lortu nuen. Gainera, giro ona eduki dugu eta beraz, gustura egon naiz hiru urteetan.
Amaitu den denboraldia ere ondo hasi zenuen.
Lehenengo lasterketatik lehen hamarren barruan ibili nintzen, baina gero otsailean, Etoile Bessegesko lasterketan erori nintzen eta betiko modura lepauztaia apurtu nuen berriro. Gertaera horrek erritmoa apurtu zidan pixka bat, baina barriro ere ondo bueltatu nintzen eta denboraldia ondo joan zen Espainiako Vueltara arte. Erorketa bi izan nituen, Getxoko zirkuituan saihets hezurretan ikututa geratu nintzen, eta vueltan egon ziren pilaketa ugarietako bat harrapatu nuen. Hango kolpeari buelta ezin emanda, erretiratu egin behar izan nintzen. Horixe izan da arantza bakarra, bestela, orokorrean denboraldi ona izan da.
Emaitza onak lortu dituzu Caja Rural taldeagaz.
Beti maila onean eta aurreko postuetan ibili naiz. Benetako aukerak izan ditut lasterketak irabazteko, eta irabazi ez arren ere, postu on bat lortzeko. Hamarren barruan amaitu ditut lasterketa asko. Pozik egoteko modukoa izan da.
Zelan sortu zitzaizun Orica-GreenEDGE taldera batzeko aukera?
Emaitza onen ondorioa izan da. Beti egoten dira aukerak. Urtero egoten zara berbetan taldeekin eta aurten Orica eta beste talde bategaz pixka bat berbetan hasita nengoela egun baten Neil Stephens taldeko zuzendariak deitu zidan. Bazekiela taldearen eta nire artean hartu emona zegoela baina, berak zuzenean azaldu nahi zidala zer nahi zuen nigandik, zer espero zuen eta zertarako kontratatu nahi ninduten. Oso argi utzi zizkidan gauzak eta zalantzarik ere ez nuen eduki. Argi ipini zidan nik zein behar egitea nahi duten, posible zela ikusi nuen, eta erabakia hartu nuen.
Zein izango da egin beharko duzun lan hori?
Badakit hemen besteentzako behar egin beharko dudala, neure aukerak gutxiago izango direla, baina ez dit ardura. Maila handiko gazteak badagoz eta nik eurentzat beharra eginda garaipenak lortu ahal badira gustura egongo naiz. Gero eurak errekonozitzen dute egindako lana, eta hori ere polita da.
Berriz ere UCI World Tour mailara itzuliko zara.
Maila goreneko lasterketak izango ditut aurten denak. Gainera ez gara asko izango. 25 lagun garela esan zidan Neilek. Lehen mailan dauden beste taldeetan 30 inguru izaten dira eta gu 25 izanda lasterketa nahikoa egitea egokituko zaigu. Denak maila altuko karrerak izatea beste erantzukizun bat ere bada. Ikusi da bai Chaves bai Yates anaiak karrerarik onenak irabazteko aukerekin daudela eta eurentzat lan egin beharko dut.
Orica Australiako taldea da. Aldaketarik ekarriko du horrek zuretzat?
Taldea australiarra da baina Italian dauka bai eta ere egoitza txiki bat. Australia eta Italia artean, eta gero mundu guztian zehar ibiltzen dira txirrindulariak. Bizi berdin egingo naiz, nire etxean. Hemen nagoenean, bertan inguruan prestatuko dut eurek bidaltzen didaten lana. Prestatzaile australiar bat ipiniko didate orain eta harek agintzen didana egin beharko dut, baina hemen inguruan egin dezaket. Gero, kontzentrazioak eta lasterketak egitera mugituko naiz. Caja Ruralegaz Nafarroa aldean biltzen ginen edo Alicanten. Oricarekin berriz, esate baterako bi aste barru Italian elkartuko gara bost egun. Urtarrilean Valentzia aldean egotaldi bat egingo dugu eta otsailean, adibidez, Hegoafrikara goaz hiru asterako. Lasterketak hasten direnean gehiago mugituko gara munduan zehar. Hizkuntza aldatuko da, ingelesez hitz egingo dugu eta, baina bueno, bestela bizimodu nahiko antzekoa.
Leku berriak ezagutzeko aukera izango duzu, orduan.
Aurreko denboraldian Afrikara joan ziren Caja Ruralekoak, Gabonera, eta boluntario agertu nintzen joateko. Afrika da zapaltzea falta zaidan munduko kontinente bakarra, baina ez ninduten eraman, eta begira, orain banoa. Kontinente guztietan egoteko aukera izango dut horrela. Afrikara joateko gogoa nuen profesional mailako nire lehen taldea, Barloworld, Hegoafrikakoa zelako. Orduan ere joan ziren hango lasterketa bat egitera eta ezin izan nuen joan. Orain izango dut aukera.
Egutegia zehaztuta daukazu?
Zirriborro bat eginda daukate eta aste honetan bidaliko didate.
Zuk zeintzuk lasterketa egin nahiko zenituzke?
Kalean denak Tourra aitatzen didate. Aukera hor dago, baina deneri esaten diet niri ez didala loa kentzen Tourrera joateak. Nik neuk, aukeran emonez gero, Giroa eta Vuelta egitea nahiago izango nuke. Tourra berezia da eta bertara joateko esaten badidate ilusio guztiagaz joango naiz. Lasterketa onena da, entzute handiena duena, baina lasterketa modura, niri pertsonalki Giroa gustatzen zait gehiago. Eskatu dieten gauza bakarra Euskal Herriko Itzulia egitea izan da. Lehen batean ez neukan egutegian sartuta, baina gehituko zutela esan zidaten.
Hemen, zure etxean hasiko da gainera?
Etxebarrian hasi eta Markina-Xemeinen amaituko da. Beraz bertan egon nahi dut.
Momentuz urte beteko akordua hitzartu duzue.
Eurak, lehenbizi, ni apur bat ezagutzea nahi zuten. Aurretik ere beste bateren bategaz egin dituzte kontratu luzeagoak eta txirrindularia taldera ez egokitzea gertatu zaie. Beraz, urtebete egin eta ezagutzea da asmoa, baina jarraitzeko aukeragaz. Orikagaz hasieratik izan dudan harremana oso ona izan da, eta uste dut, ondo funtzionatuz gero, bertan segitzeko moduan nagoela. Gero, osasunak errespetatu behar zaitu eta lasterketak zelan joaten diren ikusi beharko da, baina, ikusten dut aukera ona dela eta giro ona dagoela. Ondo egongo naizen itxura hartzen diot.
Talde xelebrea da Orica. Bideoklipak ere egin beharko dituzu?
Hegoafrikako egotaldian egiten dituzte bideoak. Egin behar bada egingo da dantzaldiren bat.