EH Bildu eta EAJren arteko gobernu akordiorako negoziazioa, bide onetik

EH Bilduk alderdi bien lehentasunak uztartuz proposamen bat luzatu zion EAJri. Jeltzaleek horren gainean dituzten ekarpenak eta planteamenduak azalduko ditu gaur egingo duten bileranElkarlanean aritzea ahalbidetuko lukeen akordiorako negoziazioan pauso...

EH Bilduk alderdi bien lehentasunak uztartuz proposamen bat luzatu zion EAJri. Jeltzaleek horren gainean dituzten ekarpenak eta planteamenduak azalduko ditu gaur egingo duten bileran

Elkarlanean aritzea ahalbidetuko lukeen akordiorako negoziazioan pauso berriak ematen ari dira Lekeitioko EH Bildu eta EAJ, eta udal gobernua osatzeko gero eta hurreago daudela dirudi.

Orain dela hiru aste, bataren eta bestearen programako lehentasunak jasotzen zituzten dokumentu bana idazteko gelditu ziren alderdi biak eta testu horretan bien elkarlanerako ezinbesteko baldintzak eta neurriak zehaztu behar zituzten. Joan den barikuko batzarrean, dokumentu biak oinarrian uztargarriak direla ikusi zuten, nahiz eta desadostasunen bat edo beste egon. Horrela, EH Bilduk bi dokumentuen edukiekin uztartutako zirriborroa proposatu zion EAJri, talde bien oinarrizko programa bateratua eta elkarlanerako baldintzak batzen zituena. Proposamen hori aztertu eta oinarri horren gainean ekarpenak eta planteamenduak egingo ditu gaurko bileran EAJk. Akordiorako dokumentu bateratua eraikita egon daiteke, beraz, egun batzuen buruan.

«EAJk aurkeztutako dokumentuan agertzen diren lehentasun programatikoekin ados egon daiteke EH Bildu, eta lehen batean, EAJk ere onar ditzake EH Bildurentzako lau urte hauetan garatu beharreko ekimen nagusiak», jakitera eman dute Lekeitioko EH Bildukoek.

Ideia nagusiak

EH Bilduren ustez, garrantzi handikoa litzateke aitatutako terminoetan akordioa eta elkarlana gauzatzea. Diotenez, horrek erakutsiko luke-eta hauteskundeen emaitzen islada justuagoa. «Guk horretan ekingo dugu, elkarlana gardentasun osoz izan dadin eta herritarren beharrizanen araberako herrigintza egiteko».

EH Bilduk EAJri luzatutako proposamen horretako ideia nagusietako bat Gobernu Batzordea EAJko alkateak, EH Bilduko bi kidek eta EAJko beste bi kidek osatzea da. «Udal Gobernuak proposatuko ditu urteroko aurrekontuak udalaren egoera ekonomikoa kontuan izanda. Ezinbestean, alderdi bien programan agertzen diren puntuak, lehentasunezko arloak, aintzat hartu beharko dira ekintza eta proiektuak proposatzerako orduan», azaldu du EH Bilduk.

Lekeitioko udaleko sailetako biren burutza EH-Bilduk izatea ere proposatzen dute dokumenduan, eta jarraipen batzorde bat sortzearen beharra aitatzen dute. «Eraketa politika eta proiektu orokorrak garatzeko eta erregularki hauen jarraipena egiteko».

Azkenik, parte hartze ordenantzan azaltzen dena osorik betetzeko hautua egiten du EH Bilduk, udal teknikariei azaldu eta herritarrekin kontrastea egin ostean.