Markina-Xemeingo Esku Pilota taldeak Euskal Herriko Kluben arteko II. Txapelketa Nazionala jokatuko du domekan, Lasarteko taldearen aurka. Hiru partida jokatuko dituzte 17:00etan Markina-Xemeingo UNI frontoian izango den jaialdian.
Esku Pilota partida frontoi txikian.
Senior mailako pilotariek buruz-buruko lau t’erdiko partida jokatuko dute lehenengo, ondoren, buruz burukoa frontoi osoan eta hirugarren partida binakako norgehiagoka izango da. Buruz buruko partidak 18 tantora izango dira. Binakakoak 22ra.
Kluben arteko II. Txapelketa Nazionalean Euskal Herri osoko 21 klubek hartuko dute parte, tartean dago Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldea. Amezketa izango da txapelketaren ardatza, final laurdenetatik aurrera, partida guztiak Larrunarrin jokatuko dira eta.
Kanporaketak
Kanporaketak joan-etorrikoak izango dira, eta partida gehien irabazten dituen elkarteak gaindituko du kanporaketa.
Aurre kanporaketak asteburu honetan eta hurrengoan jokatuko dira, final zortzirenak abenduaren 4 eta 6 eta 11 eta 13an; final laurdenak abenduaren 19an eta urtarrilaren 3ra bitartean jokatuko dira; finalerdiak urtarrilaren 9an eta 10ean, eta finala urtarrilaren 16an.