Eraso sexistei planto egiteko kalera aterako dira egunotan
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunaren harira, hainbat ekimen egingo dituzte datozen egunotan Lea-Artibain, Mutrikun eta BusturialdeanMorea koloreak nagusitasuna hartzen duen eguna izaten da azaroaren 25a; eraso sexistei planto egiteko eguna; e...
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunaren harira, hainbat ekimen egingo dituzte datozen egunotan Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean
Morea koloreak nagusitasuna hartzen duen eguna izaten da azaroaren 25a; eraso sexistei planto egiteko eguna; emakumeenganako indarkeriaren aurkako eguna. Norbanako, elkarte, talde, eragile eta beste hainbaten egutegietan azpimarratuta agertzen den eguna da. Eta urteko gainontzeko egunetan ere, eraso horien aurka agertzen diren arren, egun horren bueltan gailentzen dira gai horri lotutako ekimen eta jarduerak. Lea-Artibain, Mutrikun eta Busturialdean hutsik egin gabe antolatu dituzte, beste urte batez, egun horri begirako ekintzok.Udalek, gainera, adierazpen instituzionala onartu dute, irmoki gaitzetsiz emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpen zein sexismo-modu. Horren bitartez, gainera, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza oinarri duen gizarte batean bizi garela berretsi dute, eta, horren aurrean, berdintasun-politikak baliatzea «ezinbestekoa» dela uste dute.
Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko udalek argi dute: «bestelako gizartea eraikitzen saiatu beharra dago; non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten».
Halaber, pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko duen gizartea eraikitzeko aldarria egin dute. Eta hori lortzeko, zenbait konpromiso hartu dituzte: batetik, «udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde». Bestetik, urteko egun guztietan, berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak hartzera gonbidatu dituzte herritarrak, eta, horregaz batera, azaroaren 25aren harira gauzatuko diren ekitaldietan parte hartzeko gonbitea egin diete.
Hamaika aukera
Parte hartzeko aitzakiarik ez dute faltako, behintzat, bertoko herrietako bizilagunek; izan ere, hamaika jarduera eskainiko dituzte Lea-Artibaik, Mutrikuk eta Busturialdeak. Hamaika aukera, baina helburu bakarra: eraso sexistei erantzun bat ematea.
Ohiko elkarretaratze eta manifestazioez gain, tailerrak, hitzaldiak, zine eta musika emanaldiak, berbaldiak, omenaldia, ipuin kontalaria, antzerkia eta askoz gehiago egongo dira aukeran dozena bat herritan.
Gautegiz Arteagan, esaterako, gaur hasi eta urtarrilaren 22ra arte, zazpi barikutan, berdintasun jardunaldien baitan antolatutako berbaldi zein tailerretan parte hartu ahal izango da.