Ondarroako Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, agintaldi honetan ipiniko da abian Hirigintza Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria. “Azkena 1997ekoa zen, eta berau berritzea derrigorrezkoa dela iruditu zaigu”.
Plan hori gauzatuko zuen enpresa aukeratzeko prozedura irekia erabili zuten, eta eskaintza egin zuten enpresak bi izan ziren: Sabai Arkitektoak eta Arrutiark. Sabai enpresak egindako eskaintzak, ordea, ez du udalak egindako eskaeretako bat bete, eta hura baztertuta, Arrutiark enpresaren esleipen proposamena onartzea erabaki du.
Ondarroako portua
Arrutiarkek 262.570 euroko (BEZ barne) proposamen ekonomikoa egin du, eta osoko bilkurak aukeraketa aho batez onartu duela nabarmendu dute udal ordezkariek.
Era berean, plan orokor berriaren inguruko batzordea ere sortzeko asmoa agertu du udalak. Bertan, 26 herritarrek parte hartuko dute. “Herritar taldeak ordezkatu dituzten 26 profil osatuko dira, eta batzordean parte hartzeko profil horietara egokitzen diren herritarrak aukeratuko dira. Horiek, besteak beste, herrian dauden gabeziak eta beharrak aztertuko dituzte. Batzorde horretan bi eremu aztertuko dira gehinbat: alde zaharra eta portuko aparkalekuak”.
Alokairuan, erosteko aukeragaz
Bestalde, udalak oraindik saldu gabe dituen Erregimen Orokorreko Udal Etxebizitza Tasatu bat eta sei lokal komertzial alokairuan emango ditu, baina berezitasun legez, horiek erosteko aukera egongo da. Honakoak izango dira udalak alokairuan emango dituenak: Iturribarri kaleko 14an dagoen etxebizitza eta San Ignazio kaleko 40,42, 44 eta 46an dauden lokal komertzialak.
Udalak nabarmendu duenez, etxebizitza eta lokalak, gehienez jota, 12 urtez alokatu ahal izango dira, eta denbora tarte horretan erosteko aukera ere emango da. Epe horretan erostea erabakitzen dutenei, gainera, errentan ordaindutako diru kopurua erosketa preziotik kenduko zaiela azpimarratu dute, “ordainketa aurreratu” gisa.
Iturribarri kaleko Erregimen Orokorreko Udal Etxebizitza tasatuak
84 metro koadro inguruko etxebizitzari dagokionez, 23 metro koadroko garajeagaz eta 4 metro koadroko trastelekuagaz alokatu da, eta hileko 650 euro + BEZ errenta ordaindu beharko da. Erosteko aukera burutzen bada, ostera, honakoa izango da prezioa: 269.741,01 euro + BEZ. Eskatzaileei dagokionez, lehengo baldintza berdinak bete beharko dituzte.
Lokal komertzialei dagokionez, lokal horietan negozioak ipini nahi dituzten proiektuak lehenetsiko direla azpimarratu dute udal ordezkariek. “Lokala, gerokoan, negozioaren beharretara norberak hornitu beharko du. Negozio horiek abian ipintzeko urtebeteko epea emango da, eta denbora tarte horretan ez bada negoziorik ipintzen, eskatzaileek lokala utzi egin beharko dute”.
Bestalde, negozioak ipintzeko eskaera nahikorik jaso ezean, espazio horiek trasteleku bihurtzeko aukera emango da, baina ezingo da garajerik egin.
San Ignazio kaleko lokal komertzialak
Lokalei dagokionez, 220 eta 115 metro koadro bitartekoak daude aukeran. Bost 135 eta 115 metro koadro ingurukoak dira, eta seigarrena 220 metro koadro ingurukoa. Alokairuaren prezioari dagokionez, hileko metro koadroko 4 eurokoa (BEZ barik) izango da. Txikiagoak diren lokalek, esaterako, 500 euro inguruko alokairua izango dute.
Etxebizitzan edota lokaletan interesatu dutenek udal bulego orokorretan aurkeztu beharko dituzte eskabideak. Euren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, 94-683 36 72 telefonora deitu daiteke edo
orokorra@ondarroakoudala.net posta elektronikora idatzi.