Agintaldi honetan ipiniko da abian Ondarroako HAPO berria

Arrutiarkek egindako proposamena aho batez onartu du udalbatzak. Plan orokorraren inguruko batzorde bat ere sortuko da. Etxebizitza tasatu bat eta sei lokal salduko diraOndarroako Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, agintaldi honetan ipiniko da abi...

Arrutiarkek egindako proposamena aho batez onartu du udalbatzak. Plan orokorraren inguruko batzorde bat ere sortuko da. Etxebizitza tasatu bat eta sei lokal salduko dira

Ondarroako Udal ordezkariek jakitera eman dutenez, agintaldi honetan ipiniko da abian Hirigintza Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria. «Azkena 1997ekoa zen, eta berau berritzea derrigorrezkoa dela iruditu zaigu».

Plan hori gauzatuko zuen enpresa aukeratzeko prozedura irekia erabili zuten, eta eskaintza egin zuten enpresak bi izan ziren: Sabai Arkitektoak eta Arrutiark. Sabai enpresak egindako eskaintzak, ordea, ez du udalak egindako eskaeretako bat bete, eta hura baztertuta, Arrutiark enpresaren esleipen proposamena onartu dute.

Arrutiarkek 262.570 euroko (BEZ barne) proposamen ekonomikoa egin du, eta osoko bilkurak aukeraketa aho batez onartu duela nabarmendu dute udal ordezkariek.

Era berean, plan orokor berriaren inguruko batzordea ere sortzeko asmoa agertu du udalak. Bertan, 26 herritarrek parte hartuko dute. «Herritar taldeak ordezkatu dituzten 26 profil osatuko dira, eta batzordean parte hartzeko profil horietara egokitzen diren herritarrak aukeratuko dira. Horiek, besteak beste, herrian dauden gabeziak eta beharrak aztertuko dituzte. Batzorde horretan bi eremu aztertuko dira gehinbat: alde zaharra eta portuko aparkalekuak».

Erosteko aukeragaz

Bestalde, udalak oraindik saldu gabe dituen Erregimen Orokorreko Udal Etxebizitza Tasatu bat eta sei lokal komertzial alokairuan emango ditu, baina berezitasun legez, horiek erosteko aukera egongo da. Honakoak izango dira udalak alokairuan emango dituenak: Iturribarri kaleko 14 dagoen etxebizitza (1.B) eta San Ignazio kaleko 40B, 40C,42B, 44A, 44B eta 46An dauden lokal komertzialak.

Udalak nabarmendu duenez, etxebizitza eta lokalak, gehienez jota, 12 urtez alokatu ahal izango dira, eta denbora tarte horretan erosteko aukera ere emango da. Epe horretan erostea erabakitzen dutenei, gainera, errentan ordaindutako diru kopurua erosketa preziotik kenduko zaiela azpimarratu dute, «ordainketa aurreratu» gisa.

84 metro koadro inguruko etxebizitzari dagokionez, 23 metro koadroko garajeagaz eta 4 metro koadroko trastelekuagaz alokatu da, eta hileko 650 euro + BEZ errenta ordaindu beharko da. Erosteko aukera burutzen bada, ostera, honakoa izango da prezioa: 269.741,01 euro + BEZ. Eskatzaileei dagokionez, lehengo baldintza berdinak bete beharko dituzte.

Negozioek lehentasuna

Lokal komertzialei dagokionez, ez dute inolako babes erregimenik izango; hau da, libreak izango dira, eta horietan negozioak ipini nahi dituzten proiektuak lehenetsiko direla azpimarratu dute udal ordezkariek. «Lokala, gerokoan, negozioaren beharretara norberak hornitu beharko du. Negozio horiek abian ipintzeko urtebeteko epea emango da, eta denbora tarte horretan ez bada negoziorik ipintzen, eskatzaileek lokala utzi egin beharko dute».

Bestalde, negozioak ipintzeko eskaera nahikorik jaso ezean, espazio horiek trasteleku bihurtzeko aukera emango dela jakitera eman dute, baina espazio horietan ezingo da garajerik egin.

Lokalei dagokionez, 220 eta 115 metro koadro bitartekoak daude aukeran. Bost 135 eta 115 metro koadro ingurukoak dira, eta seigarrena 220 metro koadro ingurukoa. Alokairuaren prezioari dagokionez, hileko metro koadroko 4 eurokoa (BEZ barik) izango da. Txikiagoak diren lokalek, esaterako, 500 euro inguruko alokairua izango dute. Handiak, ostera, 880 euro ingurukoa.

Eskabideak, udaletxean

Etxebizitzan edota lokaletan interesatu duten herritarrek udal bulego orokorretan aurkeztu beharko dituzte eskabideak.

Horien inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, 94-683 36 72 telefonora deitu daiteke edo orokorra@ondarroakoudala.net posta elektronikora idatzi.