Mutrikuko Zine Forum Taldeko kideek iragarri dutenez, barikuan [azaroak 27] proiektatuko dira Motz Motzian V. film laburren lehiaketara aurkeztu diren lanak. Bideo emanaldia 20:00etan izango da, Zabiel kultur etxeko bideo gelan. “Jendea herritarrek egin dituzten film laburrekin gozatzera gonbidatu nahiko genuke. Zabiel bete-bete egin nahiko genuke oraingoan”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Zine Forumekoek aurreratu dutenez, lehiaketara lan gutxi aurkeztu dira, baina denak ere kalitate onekoak izan dira. Guztira, bi aurkeztu dira:
Heriotza misteriotsua eta
Isabel. “Beste urte batzuekin alderatuta, lan gutxiago jaso ditugu aurten, baina horiekin oso pozik geratu gara. Gutxi izan badira ere, oso kalitate onekoak eta freskoak izan dira”.

Motz Motzian lehiaketako lanen emanaldia. Argazkia: Zine Forum
Parte hartu duten lanen kalitatea azpimarratzeaz gain, bi lanetan jende askok parte hartu duela ere nabarmendu dute. “Aktore eta estra modura parte hartu dutenak asko izan dira batean zein bestean. Hori ere kontutan edukitzekoa dela iruditzen zaigu”.
Josetxo Kaskas gogoan
Bideo emanaldia bukatu ondoren, ohi modura sari banaketa egingo da, 20:30ak bueltan. Bi sari banatuko dira, baina horren berri emanaldian bertan argituko dute Zine Forumeko kideek.
Sariketak, gainera, orain aste batzuk zendu zen Josetxo Flores
Kaskas oso presente izango du. Hain zuzen ere, bera izan zen Zine Forum taldeko sortzaileetako bat.