Herritartasuna azal-azalean daramatela erakusteko jaia da Berriatuko Erroak Loran jaia.
Berriatuarrak direla eta horrela sentitzen dutela adierazteko eguna. Baikorra guztiz. Belaunaldiz belaunaldi, sustraiak hazten eta hobeto errotzen doazela erakusteko ospakizuna. Eta aldi berean, loratzen doana. Eta, besteak beste, sentipen hori erakusteko sortu zuten Goikolau kultur elkarteko kideek jai kuttuna.
Herritarrak, iazko jaian, Mendibarren frontoian.
Zapatukoa, beraz, eguna handia da berriatuarrentzat. Egun osoko jaia izango da, iaz egin modura. «
280 herritar inguru bildu ginen iaz; erantzuna oso ona izan zen», dio Joseba Goienola Goikolauko kideak. «Aurten ere beste horrenbeste espero dugu». Txartelak udaletxean daude salgai eta horiek erosteko azken eguna gaur da.
Taldeei esker ona adieraziz
Baina berriatuarrak direla eta harro daudela adierazteaz gain, herriko talde ezberdinek urte osoan egiten duten lan guztia eskertzeko jaia ere bada. «Berriatuan 16 kultur elkarte daude, eta horietan guztietan herritar asko eta askok parte hartzen dute. Borondatez lan egiten duten herritarrak dira, eta eskertzekoa da egiten dutena», gaineratu du Goienolak.
Berriatuarrak, iaz, Erroak Loran jaian.
Eta hain justu, elkarte horiei esker ona adierazteko sortu zituzten Goikolau Sariak. «Urte bakoitzean talde ezberdinei ematen zaie saria, euren lana bistaratuz eta eskertuz».
Iaz egin zuten estreinako. Eta jaiak etorkizun luzea dauka. Batez ere, oinarri-oinarritik, herritarrek egiten dutelako. Eurek egin eurentzat. «Herritarrok prestatzen dugu janaria, dantzan egin, abestu…».
Aurten, gainera, bizikleta erronka bat ere egingo da. Hori baina, bazkaldu aurretik izango da. Baita dantzarien saioa ere.
Erroak Loran jaia, iaz.
Bazkaria Mendibarren frontoian egingo da, 14:30 aldera. Ekintzak baina, egun osoan egingo dira, ordutegi bati lotu barik.
Bazkalostean egingo dira Goikolau Sarien banaketa eta bestelako ekintzak.
Etorkizun luzea duen jaia da Erroak Loran, herritarrek elkarrekin gozatzekoa, bizitzekoa eta ospatzen jarraitzekoa.