ONCEko kupoiak 112.000 euro utzi ditu Markina-Xemeinen eta Etxebarrian

92.584 zenbakiaren 21 kupoi saldu zituen Miguel Angel Aja Raposo banatzaileak, 100.000 euroko sari bat eta 600 euroko hogei. Sari handi bat banatzen duen bosgarren aldia daMiguel Angel Aja Raposo ONCEko banatzaileak zortea banatu du berriz ere, Markina...

92.584 zenbakiaren 21 kupoi saldu zituen Miguel Angel Aja Raposo banatzaileak, 100.000 euroko sari bat eta 600 euroko hogei. Sari handi bat banatzen duen bosgarren aldia da

Miguel Angel Aja Raposo ONCEko banatzaileak zortea banatu du berriz ere, Markina-Xemeinen eta Etxebarrian. Barikuko ONCEko 92.584 zenbakiaren 21 kupoi saldu zituen, eta 100.000 euroko sari bat eta 600 euroko 20 sari eman ditu, guztira 112.000 euro.

Markina-Xemein, Etxebarria eta Durangaldean banatzen ditu ONCEko kupoiak Miguel Angel Ajak, eta barikuko kupoia batez ere Markina-Xemeinen saldu duela dio. «Saltzeko neuzkan 40 kupoietatik hemeretzi itzuli egin nituen. Beste 21 txarteletatik bat Durangon saldu nuen eta beste guztiak Markina-Xemeinen eta Etxebarrian», zehaztu du.

Zapatu goizean konturatu zen 36. seriea falta zitzaiola eta beraz, sari handi bat banatua zuela jakin zuen, baina, 100.000 euroko txartel irabazlea zeinek eduki dezakeen ez daki.

Zorteduna

Miguel Angel Ajak horrelako sari handi bat banatzen duen bosgarren aldia izan da oraingoa. 350.000 euro ere banatu izan ditu txartel askoren artean, baina, kupoi bakarrari eman dion saririk handiena izan da barikukoa: bost zenbaki eta seriedun 100.000 euroko sari berezia.