Radixu Irratia: mende laurden uhinetan libre

Ondarroako irrati librearen urteurren ospakizunak zapatuan hasiko dira, Anestesia eta Kraussk taldeen kontzertuagaz. Hurrengo asteetara begira ere, beste hainbat ekimen egiteko asmoa agertu dute irrati zaleek.Ibilbidea aurretik hasi bazuen ere, Radixu ...

Ondarroako irrati librearen urteurren ospakizunak zapatuan hasiko dira, Anestesia eta Kraussk taldeen kontzertuagaz. Hurrengo asteetara begira ere, beste hainbat ekimen egiteko asmoa agertu dute irrati zaleek.

Ibilbidea aurretik hasi bazuen ere, Radixu Irratia emititzen hasi zeneko 25 urte beteko dira abenduan. Urteurren borobilari begira motorrak berotzen hasita daude Radixuko kideak, eta aurrerapen gisa, musika jaialdia antolatu dute Beikozinin. Zapatuan, Anestesia eta Mutrikuko Kraussk taldeek «kontzertu indartsuak» eskainiko dituzte, 23:00etatik aurrera.

Zapatuko kontzertuaz gain, hurrengo asteotan ere zer ospatua ere egongo dela nabarmendu dute Ondarroako irrati zaleek. «Urte hasierarekin batera egongo da zer ospatu; kontzertu gehiago egiteko asmoa dugu, eta nola ez, aurten ere ez da faltako 48 orduko irratsaio etengabea. Urtero legez, barikuan iluntzean hasi eta domeka iluntzera bitartean etenik bako zuzeneko irratsaioa egin nahi dugu».

Ospakizunekin hasita, gainera, Radixu Irratiko irudia ere zer edo zer aldatu da urteurren bereziari begira. Ohiko itxuragaz dator, baina aldi berean, 25. urteurrena iragartzen.

Ehunka parte hartzaile

Azken 25 urteotan ehunka ahotsek elikatu dute Radixu Irratia. Urteurrena aitzakia modura hartuta, horiek guztiak batzeko asmoa agertu dute Radixuko kideek. «Azken 25 urteotan Radixu Irratian irratsaioa eduki dutenak edo irratiagaz zerikusia izan dutenekin batzea da gure asmoa».

Baina, irratiak luzerako bizi nahi baldin badu, harrobiaren aldeko apustua egitea ere berebizikoa dela nabarmendu dute. «Radixuk luzerako jarraitzea nahi dugu, eta gazteengan irrati zaletasun hori zabaldu eta mikrofonoarenganako maitasun horretan eragitea garrantzitsua dela deritzogu. Gazteei aukera hori zabaltzea berebiziko dela uste dugu».

Zaletasun hori zabaltzeko ahaleginetan, lehen irrati tailerra egiten hasi dira Zubi Zahar herri ikastolako hainbat gazteekin batera, eta haiekin batera Lorituk FM deritzon irratsaioa sortu dute. Tailer horretan, eskolaz kanpoko ikasgai legez, irratiaren funtzionamenduaren berri ikasten dute, 15 egunetik behin. «Edozein ikastetxek proeiktu berri bat egin nahi baldin badu hori gauzatzeko prest izango gaituzte».

Ahotsik gabekoen ahotsa

25 urte eta gero ere, ahots berrien gosez dabiltza oraindik; «irratia egiteko gogoa, zerbait esateko, nahi duten musika jartzeko edo dena delarako gogoa» dutenek Radixu Irratian izango dute horretarako aukera. Betiko legez, proiektu komunikatibo alternatiboa izaten jarraitu nahi dute, eta hemendik aurrera ere, herriko taldeei eta elkarteei berba ematen jarraitu nahi dute. «Ahotsik gabekoen ahotsa, Radixu Irratia leloa behin baino gehiagotan errepikatu dugu azken 25 urteotan, eta edozein taldek bere berri emateko erabili nahi baldin badu, hortxe izango gaitu».

105.5 FM frekuentziatik ez eze, Internet bidez (www.radixu.info) ere entzun daiteke irratia, mundu osoan. Bertan, besteak beste, irratsaioak zuzenean sarean entzuteko aukera egoteaz gain, grabatutako saioak berriro entzuteko aukera ere badago. «Bertan ekoitzitako hainbat programa daude aukeran, eta parrilla osatzeko, Arrosa sareko hainbat irratsaio eskaintzen dira. 24 orduko emisioa osatzeko, gainera, musika aukeratua eskaintzen dugu».

Autofinantzaketari esker

Autofinantzatzeari esker bizi da Radixu Irratia, eta azken urteotan antolatzen duten Zapato Azule jaia jardunean jarraitzeko diru iturri handi bat bihurtu dela azpimarratu dute. «Jaitik lortzen den diruari esker, urte osoan egiten diren hainbat ekimen finantzatu ahal izaten dira, eta laguntza horri esker bizirik jarraitzen dugu, hein handi batean. Eskerrik asko hau guztia posible eginten duzuen lagun guztioi».

Diru horri esker, esate baterako, estudioak berritu eta itxuraz aldatzeko aukera izan dute aurten. «Udalak sabaia eta teilatua konpondu ditu, eta guk ostera, material asko berritzeko aukera izan dugu».