Santa Katalina eguna gaur [azaroak 25] baldin bada ere, aspaldiko urteotan egin modura, asteburuan egingo dituzte ospakizunak Gizaburuagan. Domekarako [azaroak 29] egitarau osatua prestatu dute Olazar Kultur Elkarteko kideek. Goizetik hasi eta arratsaldera bitartean, beti-betiko ohiturei eutsiko diete aurtengoan ere.
Iazko barraskilo lasterketa. Argazkia: Olazar Kultur Elkartea
Urtero bezala, mezagaz hasiko dituzte ospakizunak, eta ostean, 12:00etan, IX. Barraskilo Lasterketa egingo dute frontoi inguruetan. “Ez ahaztu, eta hasi barraskilo bila!” gogorazi diete parte hartzaileei antolatzaileek. Frontoiko lurrean margotutako ibilbidea azkarren burutzen duen barraskilorik arinenak irabaziko du lasterketa, eta haren jabeak, opari berezia irabazteko aukera izango du. Irabazleak ez eze, beste parte hartzaile guztiek ere oparia jasoko dutela aurreratu dute.
Aurten, gainera, orain gutxi inauguratu duten udaletxea barrutik bisitatzeko aukera izango dute herritarrek. Udal ordezkarien eskutik, bisita gidatua egingo da, 12:00etan.
Iazko gaztetxoen herri bazkaria. Argazkia: Olazar Kultur Elkartea
Eguerdian herri bazkarian elkartuko dira gizaburutarrak. Lehendabizi, 14:00etan, umeen txanda izango da, eta txikienek bapo bazkaldu ostean, ludotekan jolasteko aukera izango dute 15:00etatik 19:00etara. Nagusiak, ostera, 15:00etan batuko dira bazkaritan.
Herri bazkarian parte hartu nahi dutenek aurretiaz eman beharko dute izena udaletxean, azaroaren 26a aurretik.
EGITARAUA
- 11:00: Meza.
- 12:00: IX. Barraskilo lasterketa.
- 14:00: haurren herri bazkariaren txanda, herriko tabernan.
- 15:00: helduen herri bazkariaren txanda, herriko tabernan.
- 15:00-19:00: umeentzako ludoteka.