Asteburuan jarraituko dute Santa Katalina ospatzen

Mundakarrek jai eguna izan zuten atzokoa, hala ere, zapatuan amaituko dituzte jaiak. Ereñon eta Gizaburuagan astebururako utzi dituzte ospakizunakSan Pedro kofradia osatzen zuten arrantzaleen omenez ospatuko zuten Santa Katalina atzo, Mundakan. Ez zut...

Mundakarrek jai eguna izan zuten atzokoa, hala ere, zapatuan amaituko dituzte jaiak. Ereñon eta Gizaburuagan astebururako utzi dituzte ospakizunak

San Pedro kofradia osatzen zuten arrantzaleen omenez ospatuko zuten Santa Katalina atzo, Mundakan. Ez zuten eguraldia lagun izan, eta umeen jokoak, esaterako, Islakale kiroldegian egin behar izan zituzten. Bestalde, egunean zehar, txistulariak, buruhandiak eta meza izan ziren, besteren artean. Zapatuan, bakailao txapelketarekin amaitutzat emango dituzte aurtengo Santa Katalina jaiak.

Ereñon eta Gizaburuagan ere Santa Katalina santuaren eguna ospatuko dute. Bi herri horietako ospakizunak, baina, asteburarako utzi dituzte.

Akorda auzoan

Urtero legez, Ereñoko Akorda auzoan batuko dira Santa Katalina ospatzeko. Mundakan bezala, Akordan ere bakailao txapelketa egingo dute. Musika eta dantzak ere ez dira faltako asteburuan barrena.

Bestalde, Gizaburuagan, domekarako egitarau osatua prestatu dute Olazar Kultur Elkarteko kideek. Goizetik hasi eta arratsaldera bitartean, beti-betiko ohiturei eutsiko diete aurtengoan ere.

Aurten, gainera, orain gutxi inauguratu duten udaletxea bisitatzeko aukera izango dute herritarrek. Udal ordezkarien eskutik, bisita gidatua egingo da, 12:00etan. Umeak eta nagusiak herri bazkarian batuko dira.