Egun hutsaletatik harago

Aldarrikapenez beteriko ekimenak egin dituzte Busturialdea, Lea-Artibain eta Mutrikun, azaroaren 25ean. Indarkeria matxista gaitzetsi dute kaleanAzaroaren 25a, emakumenganako indarkeriaren kontrako eguna da nazioartean. Data horren harira, hainbat ekim...

Aldarrikapenez beteriko ekimenak egin dituzte Busturialdea, Lea-Artibain eta Mutrikun, azaroaren 25ean. Indarkeria matxista gaitzetsi dute kalean

Azaroaren 25a, emakumenganako indarkeriaren kontrako eguna da nazioartean. Data horren harira, hainbat ekimen antolatu zituzten atzo talde, eragile eta instituzioek. Kalean, indarkeria matxista gaitzesten duela erakutsiko zuen jendarteak. Ekitaldiak ekitaldi, baina, alarma pizten dute datuei ere erreparatu diete. Euskal Herrian 2015ean sei emakume erail dituztela salatu du Bilgune feministak. Hala ere, emakumeek eraso sexistak etengabe jasaten dituztela dio. Bilgune feministaren hitzetan, biolentzia indarkeria matxistarena da, «guk ez baitugu inor erasotu, inor erail, eta aldiz indarkeria sexistak amaigabea izaten jarraitzen duelako».

Bestalde, biolentzia matxistaz era «hutsalean» mintzatzeak ondorio larriak ekar ditzakeela ohartarazi zuen Emakundek. Hala, arazo horren gaineko kezka gizarte osora zabaltzeko lan egiten jarraitu behar dela gogorarazi zuen. Izan ere, erakunde horren aburuz, indarkeria matxista egiturazko arazo baten gisara aztertu behar da, eta aurre egiteko estrategia era zabal batean landu behar da derrigorrez. Prozesu horretan gizarte osoak parte hartu behar duela ere argi du.

Globoak, sariak eta beste

Eta azaoaren 25a egun «hutsala» izan ez dadin, hainbat ekitaldi egin zituzten atzo. Bermeon, emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpen zein sexismo-modu gaitzetsi zituzten eguerdian, Goiko plazan, eta ehunka globo more askatu.

Arratsaldean, berriz, salaketa ekimena eta erakusketa egin zituzten Sareginek Bermeoko Emakume Feministen Sareak eta Erroxape Emakumeen elkarteak.

Gernika-Lumon, Beldur Barik lehiaketaren sari lokala eman zuen udalak goizean. Elai-Alai aretoan egindako ekitaldian hainbat ikasle batu ziren, aurten aurkeztutako lanak ikusteko. Berriz ez izeneko ikusentzunezkoak hartu du aurtengo saria. Egileek Leire Bideguren Gizarte Ekintzarako Zinegotziaren eskutik hartu zuten 250 euroko saria.

Era berean, Emakume Alargunen Elkarteko presidente izandako Maria Agirre Igartua omendu zuen atzo goizean udalak, eta bere izena daraman plaka jarri zuen Bakearen Museoaren ondoko aretoan.

Berriatuan, eskolako ikasle, irakasle eta gurasoek elkarretaratze jendetsua egin zuten Mendibarren frontoian. Ez ikusiarena ez egin lelopean, ehun lagun baino gehiago batu ziren.

Datozen egunetan ere

Elkarretaratzeak eta manifestazioak herri askotan egin zituzten arratsaldean. Lekeition, indarkeria matxistak eraildako emakumeak omendu zituzten. Ondarroan, aldiz, El Cairo 678 filma eman zuten. Hurrengo egunetan ere ekimenak izango dira Gautegiz Arteagan, Munitibarren eta Ondarroan.

Herenegun, bestalde, hezitzaile, guraso eta herritarrez bete zuten Markina-Xemeingo Uhagoneko batzargela. Galtzagorri elkartearen eskutik generoaren ikuspegia landu zuten haur eta gazte literaturan. Horrez gain, Parekidetasunaren Batzordeak eta Herri Bibliotekak antolatuta, hezkidetza lantzeko egokiak diren liburuak gomendatzen dituzten liburu puntuak banatu zituzten.