Aurrera Mendi Taldeak antolatutako XV. Mendi Astearen barruan,
20 urte mendi bertikaletan bideo dokumentala aurkeztuko dute
Pou anaiek, bihar [azaroak 27], 20:15ean, Ondarroako Kofradia Zaharrean.
20 urte ibilbidea luzea ikus-entzunezko batean laburbiltzea ez da erraza izango.
Ordu eta erdian, hasi ginenetik bizi izan ditugun momenturik aipagarrienak elkarbanatzen ahaleginduko gara. Emanaldira bertaratzen diren guztiei gure espediziorik politenak eta ezagutu ditugun lekurik aipagarrienak erakutsi eta horien berri kontatzen ahaleginduko gara. Esperientzia horietako asko kanpoan geratu badira ere, garrantzitsuenak sartzen saiatu gara, denak ere laburbilduta.
Zer eskalada ikusiko dira?
Alpinismotik hasita, kirol eskalada,
phsycoblock-a… Modalitate horiek eta beste hainbeste ikusiko dira, denak ere leku ezberdinetan.
Pou anaiak. Argazkia: pouanaiak.com
Leku horietatik guztietatik zein nabarmenduko zenuke?
Espedizio batetik bueltatzen zarenean, azkena onena izaten dela iruditu ohi zaigu, baina bat aukeratzekotan Brasilgoa aukeratuko nuke; beste batzuekin alderatuta, oso berezia eta ezberdina izan zen.
Eta zein izan da gogorrena?
Denetarik egon da, eta horietako asko agertuko dira emanaldian.
7 pareta, 7 kontinente proiektua esaterako, bost urtean egindako erronka izan zen, eta bertan agertzen diren hainbat espedizio oso gogorrak izan ziren. Antartikakoa, esaterako, egin genuen irteerarik gogorrena eta politena da.
Mendi astean egongo zareten bigarren aldia da, ezta?
Jendearekin oso esperientzia ona izan genuen, eta oraingo honetan ere oso gogotsu gatoz.
Pou anaiak. Argazkia: pouanaiak.com / Filmut.com
Ikusleei egin gonbidapena.
Proiekzio oso berezia prestatu dugu, eta bertora datorrenak gauza asko ikusteko aukera izango du. Biharko emanaldia gure ibilbide guztia hurbilagotik ikusteko aukera bikaina dela deritzogu. Nahikoa mendi agertzen da, eta denbora guztian irteera bakoitzari buruzko azalpenak ematen joangoa gara, eta, jendeak dituen galderak edo dudak argitzeko aukera izango dute.
Hainbat espedizio aurkeztuko dituzue, baina etorkizunera begira zer egiteko asmoa duzue?
Hego Ameriketara joateko asmoa dugu, eta hori antolatzen ari gara, baina ez dakigu noiz egingo dugun. Izan ere, hankako behatz bat apurtuta dut, eta osatu arte ez gara ezer zehazten hasiko.