UEMAn sartzeko eskaria onartu du Eako udaleko osoko bilkurak

Eako udala Udal Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko bidea egiten hasi da. Herenegun arratsaldeko osoko bilkuran EH Bilduren lau zinegotzien botoekin onartu zuten UEMAn sartzeko eskaria. Hala, erabakia ez dute aho batez hartu; EAJ-ko bi zinegotziak abs...

Eako udala Udal Euskaldunen Mankomunitatean sartzeko bidea egiten hasi da. Herenegun arratsaldeko osoko bilkuran EH Bilduren lau zinegotzien botoekin onartu zuten UEMAn sartzeko eskaria. Hala, erabakia ez dute aho batez hartu; EAJ-ko bi zinegotziak abstenitu egin ziren.

UEMAko kide izatea onartzeagaz batera, bertan udalerriak izango duen ordezkaria ere aukeratu dute. Arritxu Zelaia Euskara eta Kultura zinegotzia da ordezkaria, eta haren ordezkoa Aitor Okamika izango da.

Hurrengo pausoa udalaren erabakia aldizkari ofizialean argitaratzea izango da, eta gero, urtarrilaren erdialdera UEMAko batzar orokorrean onartuko dute Eako udalaren eskaria.

“Ordutik aurrera UEMAko kide izango gara. Konpromiso zehatzak hartu eta ibilbide bat zehaztuko dugu, azken aldian euskararen ezagutzak izan duen beherakadari buelta emateko—, azaldu du Arritxu Zelaia Euskara eta Kultura zinegotziak.

Arnasgune izaerari eutsiz

Azken hamarkadetan ezagutzak gainbehera izan arren, oraindik ere euskararen arnasgune izaera du herriak, eta UEMA-ko kide izanik izaera horri eustea da asmoa. “UEMAn sartuta indar gehiago izango dugula uste dugu, eta gainbehera horri aurre egin, eta buelta emateko laguntza garrantzitsua da—.

Eman duten pausoa “oso garrantzitsua— dela nabarmendu du Zelaiak, eta etorkizunera begira herrian zein egoeratan egon nahi duten zehazteko eta egoera hori lortzeko lanean tresna baliagarria izango delakoan dago.

Euskara eta Kultura zinegotziak azaldu duenez, azken 30 urteetan %10,6 egin du behera euskararen ezagutzak, eta gaur egun, %77,1-ekoa da euskararen ezagutza.