Etzi Conqueroren aurka jokatuko du Gernika Bizkaiak, etxetik kanpo

Gernika Bizkaiak etzi Conqueroren kontra jokatuko du. 12:00etan hasiko da bi taldeen arteko norgehiagoka Andres Estrada kiroldegian.Partida garrantzitsua izango da. Izan ere, Emakumezkoen ligako sailkapenean hirugarrena da Huelvako (Andaluzia, Espainia...

Gernika Bizkaiak etzi Conqueroren kontra jokatuko du. 12:00etan hasiko da bi taldeen arteko norgehiagoka Andres Estrada kiroldegian.

Partida garrantzitsua izango da. Izan ere, Emakumezkoen ligako sailkapenean hirugarrena da Huelvako (Andaluzia, Espainia) taldea, eta talde gernikarra laugarrena da. Beraz, talde andaluziarrari irabaziz gero, hirugarren postua berreskuratuko luke Gernika Bizkaiak.

Asteburu honetako jardunaldia kontuan hartuta, denboraldiko lehen itzulia amaitzeko lau partida geratzen dira, eta horietatik hiru etxetik kanpo jokatuko ditu Gernika-Lumoko taldeak.

Mario Lopez entrenatzaileak argi du egutegi horrek ez diela «mesederik» egiten, eta «zailtasun handiko» partidak izango direla aurreikusten du.

Gaur gaurkoz Erregina Kopa jokatuko luke Gernika Bizkaiak, eta koparako sailkatzeko datozen lau partidetan ere ahalik eta emaitzarik onenak lortu gura ditu entrenatzaileak: «Hor goian egonda, Koparako aukerak ditugu, baina, neurketa zailak dira».