Euskal Harriaren ABDak film kolektiboa gaur Euskal Zine Bileran

Beldurrezko, zientzia fikziozko eta fantasiazko gaba izango da gaurkoa Lekeition. Euskal Zine Bilerak Euskal Harriaren ABDak film kolektiboa emango du 22:00etan hasita. Euskal Harriaren ABD-a proiektuak Euskal Herri osoko egile desberdinek eginiko 26 f...

Beldurrezko, zientzia fikziozko eta fantasiazko gaba izango da gaurkoa Lekeition. Euskal Zine Bilerak Euskal Harriaren ABDak film kolektiboa emango du 22:00etan hasita. Euskal Harriaren ABD-a proiektuak Euskal Herri osoko egile desberdinek eginiko 26 film laburrez osaturiko proiektua da, denak euskaraz.

Duela urte eta erdi jarri zuten martxan egitasmoa Katihotsak Logia kolektiboko kideek, eta bi ordu pasatxoko iraupena daukan proiektuan era guztietako lanak batu dituzte. Beldurra, barrea eta bandalokeria batzen dituen proiektu hori ez da faltako euskal zinearen hitzorduan.

Amaierarako prest

Gaurko emanaldiekin, azken txanpan sartzen da 38. bilera. Lehiaketara aurkeztutako azken hamairu filmak emango dituzte 19:30ean, eta bihar, ordu berdinean jakingo dira emaitzak.

Kepa Errasti, Silvia Manzana eta Jon Ander Alonso aktore taldeak gidatuko du amaiera ekitaldia. Zuzendaritza onenaren saria, ekoizpen onenaren saria, gidoi onenaren saria, argazki onenaren saria, film onenaren sari preziatua eta gazte 22 saria eta antzar morea emango dituzte. 38. EZBko saridun guztien filmak, gainera, domekan ikusi ahalko dira, 12:00etan Ikusgarrin.

Bestalde, aurten, hirugarrenez, Bento Ansola Saria emango dute: 3.000 euroko beka bat, ikus-entzunezko proiektu batgauzatu ahal izateko.

Lehiaketa baino gehiago da baina Lekeitioko zine bilera. Euskal Herriko zinemagileak ezagutu, lan egin eta hausnartzeko espazioa izatea nahi dute. Horrela, bigarren urtez, Lekeitioko Berbaldia antolatu dute euskarazko film laburren egungo egoeraz hausnartzeko. Txema Muñoz Kimuak film laburren programako zuzendariak, Jon Garaño zuzendari, gidoilari eta ekoizleak, Maider Fernandez zinemagileak, Kepa Sojo zuzendariak eta Miren Maias euskarazko zinemagintzan adituak parte hartuko dute bihar 12:00etan egingo den solasaldian.