Hitzaldiaren izenburutik abiatuz, indarkeria matxista kasuak nola jorratzen dira komunikabideetan?
Emakumeen hilketak ematen direnean, zenbait komunikabidek gertakari isolatu modura erakusten dute. Ez da azaltzen zergatik emakumeen kontrako indarkeria jendarteko arazoa den, ezta ere gertakari horrek zein lotura dituen matxismoaren beste aurpegiekin… Nire ikuspuntua nahikoa kritikoa izango da hitzaldian.
June Fernandez, Etxelilan.
Alegia, indarkeria matxistak hildako emakume baten hilketa beste edozein hilketa bezala aurkezten dutela salatu nahi duzu. Ezta?
Bai. Gainera, oraindik orain, egunkari askotan Gertakariak atalean kokatzen dute. Eta gainera, xehetasun morbosoetan sakontzen dute (nola hil zuen, zenbat labankada…). Nire ikuspuntua da kazetari baten ikuspuntua. Eta hilketa horren zergatia da azaldu behar dena. Hain justu, zenbait komunikabidek egiten ez dutena. Oso ohikoa da, esaterako, indarkeria matxistak utzitako hilketa batean, bizilagunen adierazpenak jasotzea eta «inork ez zuela horrelakorik espero, hiltzailea ona zela, bikote ona egiten zutela» bezalako testigantzak jasotzea. Gertakari hauek zergatik gertatzen diren azaldu beharrean horrelakoetan sartzen dira. Hori ez da bat ere arduratsua. Komunikabideen ardura da adituengana jotzea eta zergatia azaltzea.
June Fernandez: “Nire beste kezka bat da Espainiar Estatuan dagoen legearekin azkenean komunikabideek sinisten dutela genero indarkeria bikote esparruan gertatzen dela”
Tratamendu egokiak ere bistaratuko dituzu?
Pikararen kasuan, indarkeria matxistari buruz hitz egiten dugunean, oso
garrantzitsua ikusten dugu
ez hitzegitea bakarrik hilketei buruz. Hilketa baten aurrean, Emakundek beti esaten du hau
izozmendiaren punta baino ez dela.
Matxismoak aurpegi asko ditu: sexu jazarpena, telefonozko jazarpena, emakume etorkinek bizi duten jazarpen berezia… Nire beste kezka bat da Espainiar Estatuan dagoen legearekin azkenean komunikabideek sinisten dutela genero indarkeria bikote esparruan gertatzen dela. Horrekin gu oso kritikoak gara. Jendari ikustarazten saiatzen gara indarkeria matxista egiturazkoa dela eta emakume izate hutsagatik indarkeria bizi dugula gure egunerokotasunean, ez bakarrik harreman heterosexualetan. Horren inguruan ere berba egingo dut hitzaldian eta adibideak ere eramango ditut. Esaterako, prostituta bat hil egin zen bere bezero batengandik ihesi zihoala. Bezeroak indarkeria jarrera erakutsi zuen eta emakumea ihes egiten saiatu zen. Ihesi zihoala, baina, amildegi batetik erori eta hil egin zen. Poliziak genero indarkeria kasua ez zela esan zuen. Hori da
legediaren irakurketa mugatua egitearen ondorioa. San Fermin jaietako kasuak ere hor daude.
Komunikabideetako langileek horrelako gaiak lantzeko formazioa jaso behar dutela uste duzu?
Alde batetik nik uste dut bai garrantzitsua dela ulertzea horrelako gaiak lantzeko espezializazio puntu bat behar dela, futbolari buruz informatzeko futbolaren arauak ezagutu behar diren modu berean. Bestetik, indarkeri matxista kasuetan ere jakin behar da
“hilketa pasionala” esatea ez dela zuzena, bizilagunen testigantzak inoiz ez duela datu handirik emango…
Fernandez: “Indarkeria matxista hain dago errotuta ze, komunikabideetako hainbat alorretan agertzen direla horren adibideak, kirolean esaterako”
Euskal komunikabideetan zer nola lantzen dira indarkeria matxista kasuak?
Euskal Herriaren kasuan ni nahikoa baikorra naiz.
Berria-k eta
Argia-k, esaterako, lan polita egiten dute horretan.
El Correo-ren kasuan, ostera, indarkeria matxista kasuak bestelako gertakarietan jasotzen dituzte, puntu morbosoa gehituta, noski. Horregatik diot, garrantzitsua dela gai honen inguruan idazten dutenek gutxieneko prestakuntza bat izatea. Dena den, indarkeria matxista hain dago errotuta ze, komunikabideetako hainbat alorretan agertzen direla horren adibideak, kirolean esaterako. Guztiok hartu behar dugu giza eskubideen aldeko konpromisoa. Eta hortik abiatuta, espezializazioa ere bai.
Lehendabizi, baina, konpromiso indibidualak hartu behar dira eta gero kolektiboak?
Hori da. Komunikabideekin kritikoak gara, eta hori ondo dago, baina komunikabideek esaten ez badute gertakari bat genero indarkeria dela da poliziak ez dioelako da. Baina jendarteak erantzun egin behar du, inplikatu egin behar da.
Biktimarengan ardura guztia ez da jarri behar. Baina hori Espainiar Estatuak daukan politikaren ondorio da.