'ZureESKUbideak' dinamika jarriko du martxan LAB sindikatuak
Prekaritatearen aurka borroka egitea izango du helburu. Dinamikak bost oinarri izango ditu: kalitatezko enplegua, soldatak, lan osasuna, aukera berdintasuna eta euskara.LAB sindikatu abertzalearen ustez, prekaritatean sartuta dago egun euskal langileri...
Prekaritatearen aurka borroka egitea izango du helburu. Dinamikak bost oinarri izango ditu: kalitatezko enplegua, soldatak, lan osasuna, aukera berdintasuna eta euskara.
LAB sindikatu abertzalearen ustez, prekaritatean sartuta dago egun euskal langileria, eta egoera hori normaltzat hartzeak kezkatzen du sindikatua. Hala, uste du inoiz baino garrantzitsuagoa dela langileriaren eskubideak zeintzuk diren jabetzea, eta, horregaz batera, egoerari aurre egitea ezinbestekotzat jo du. Hori dela eta, ZureESKUbideak dinamika jarri du martxan.LABek argi dauka prekaritatearen aurka egiteko bidea aberastasunen banaketan datzala. «Ikusi dugu orain arte aberastasunaren banaketarako eduki dugun bidea negoziaketa kolektiboa guztiz mugatuta dugula, horregatik, gutxienezko eskubideen inguruan langileak aktibatzea gura dugu».
Oinarrizko bost eskubide aldarrikatzen dituzte dinamikaren bitartez: Kalitatezko enplegua (35 orduko lanaldia, besteak beste) izateko eskubidea, duintasunez bizi ahal izateko soldata edukitzeko eskubidea, lan osasunerako eskubidea, lanean aukera berdintasun eskubidea eta euskara eskubidea.
Neurriak hartu beharra
Eskubide horiek bermatze aldera, Lea-Artibai eta Busturialdeko enpresetara joko du sindikatuak. Izan ere, Lea-Artibaiko eta Busturialdeko egoeraren aurrean, beharrezkoa ikusten du neurriak hartzea, bai langileen lan baldintzak hobetzeko, eta baita lanpostuak sortzeko ere.
Izan ere, kezka agertu du krisiaren ostean herritarrek bizi duten egoeraz. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, esaterako, 521.751 pertsona pobrezia arriskuan daudela esan du; alegia, populazioaren %16,7a. Lea-Artibairi eta Busturialdeari dagokionez, berriz, langabezia tasa %10,3koa eta %13koa dela nabarmendu du, hurrenez hurren. Alegia, Lea-Artibain, 1.288 langabetu daude, eta Busturialdean, 2.880.
Azken aldian aipatzen ari den susperraldi ekonomikoa langileek ez dutela nabari dio LABek. Are gehiago, datu finantziarioek gorako joera baldin badute, langileen prekaritatea eta pobrezia areagotu delako izango dela dio.
Krisiak uztitako «argazki ikaragarri horri» buelta emateko, 35 orduko lanaldiagatik eta ordu extrarik ez edukitzeagatik borroka egiteko apustua egingo du LABek. Dioetenez, aipatu eskualdeotan 40 orduko jarduna duten 10.000 langilek astean 5 ordu gutxiago egingo balituzte, 1.500 lanpostu berri sortuko liratekelako.
Lanaldi murrizketa
Lanpostuak sortzeko planteamendu bakarra, beraz, lanaldi murrizketa dela uste du sindikatu abertzaleak; betiere, soldata beragaz. Eta, horretarako, Patronalak gutxiago irabazi beharko lukeela dio.
Sindikatuak argi du: «Langilearen lanagatik sortzen dira lan etekinak; hortaz, aberastasun hori langileen artean banatu beharra dago».