Euskal Herriko Kluben arteko bigarren Txapelketa Nazionalaren final zortzirenetan dago Markina-Xemeingo esku pilota taldea. 2 eta 1 irabazi dio Lasarteko Intza taldeari asteburuan Lasarten jokatu duen bueltako partidan. Etxean jokatu zuen lehen partida Markinak eta orduan ere nagusi izan zen, beraz, lehen aurkaria gaindituta, final-zortzirenak jokatzen hasiko da Markina-Xemeingo taldea.
Markina-Xemeingo taldea Euskal Herriko Herriarteko Eskupilota Txapelketa jokatzen.
Berriz ere bi partida jokatu beharko dituzte talde beraren kontra, joanekoa eta bueltakoa. Oraingoan, Bortziriak talde nafarra izango dute aurkari eta bietako garaileak abenduaren 26an jokatuko den final laurdenetarako pasea lortuko du.
Lea-Ibarrak ez du Markina-Xemeingo taldearen zorte bera izan. Erreka egokitu zaio aurkari kanporaketetan eta ez du gainditzerik izan. Tantu bakarreko ezberdintasunagaz, Errekak egin du aurrera eta Lea-Ibarra kanpoan geratu da. Lehen partida galdu egin zuen Lea-Ibarrako taldeak baina bigarrenean garaipena bere egitea lortu dute partida bikainak jokatuz. Hala ere, ez da nahikoa izan. Berdinketa erabakitzeko tantuak izan dituzte kontuan eta bat gehiago zeukan Doneztebeko taldeak.
Azaroaren 20an hasi zen Euskal Herriko Kluben arteko bigarren Txapelketa Nazionala zozketa bidez erabakitako kanporaketekin. Denetara hamar talde neurtu dira kanporaketetan eta bostek jarraituko dute aurrera. Orain beste 11 taldegaz bat egiten dute final zortzirenetan eta hamasei horretatik zortzik egingo dute aurrera.