Hiru astez luzatu den Ondarroako XV. mendi astea atzo amaitu zen, finalista egunagaz.
Aurrera Mendi Taldeko kideek azpimarratu dutenez, balorazio ona besterik ezin dute egin. “Oso pozik gaude. Izan ere, antolatu ditugun jardunaldi guztiak nahikoa jendetsuak izan dira”.

Magdalenan hainbat mendizale batu ziren, finalista egunean. Argazkia: Aurrera Mendi Taldea
Domekan [azaroak 29], esaterako, 55 mendizale batu ziren Magdalenan egindako jaialdi xumean. “Finalista eguneko jaia polita izan zen. Giro ezinhobean batu ginen, eguraldi ederra lagun”. Jaialdia amaitu ostean, denak batera mendiz mendi bueltatu ziren Ondarroara.
Zapatu [azaroak 28] goizean kiroldegian egindako boulderra, ostera, oso jendetsua izan dela azpimarratu dute. Antolatzaileen arabera, urtetik urtera boulderrean parte hartzen duten gaztetxo kopurua hazten ari da.

Pou anaiek Kofradia Zaharrean emandako hitzaldia. Argazkia: Aurrera Mendi Taldea
Bestalde, azken bi asteotan eskaini diren bi hitzaldiekin oso gustura agertu dira mendi taldeko ordezkariak. Barikuan [azaroak 27], esaterako, Kofradia Zaharreko aretoa jendez bete egin zen Pou anaien bideo emanaldian.