Buztinarekin jolasean hasi dute San Andres Eguna Etxebarrian. Rosa Mari Etxabe herriko artistaren gidaritzapean buztina lantzen ibili dira herriko ume eta gaztetxoak, goizean, frontoian. Arratsaldean ere jolaserako aukera izan dute estanpazio teknikak ikasiaz eskuak margoetan sartuta.
Umeez gain, gazte eta nagusiak ere batu dira arratsaldean, Etxebarriko frontoian. Batzuek Briska txapelketan parte hartzen zuten bitartean, besteek gauerako afari-merienda prestatu dute. Urtero modura, talo, txorizo, urdaiazpiko, odoloste eta gaztaina errerik ez da falta izan frontoiko mahai luzeetan.
Jaietako kartel lehiaketako sariak ere banatu dituzte. Aurtengo irabazleak Nahia Espilla, Aitana Aransolo, Sarai Larrinaga eta Manuela Diaz izan dira.
Egun handiagaz amaitu dituzte jaiak etxebarritarrek, baina asteburuan ere ez zaie falta izan ekitaldirik. Kirola izan da nagusi. Zesta-puntako pilota partidak eta eskuzkoak ikusteko aukera egon da zapatuan eta domekan, eta Amets Txurruka Lagunartiek ume eta gazteentzako mendi bizikleta proba berezia antolatu zuen atzo arratsaldean. Alde batetik, 7 eta 12 urte arteko txirrindulari gazteentzako mendi bizikleta probak egon ziren eta bestetik, Titan Desert proba egin zuten Txomin Bustindui eta Xabat Arrate eta Etxebarriko Gaizka Sotil-en arteko duelua.
Mendi bizikleta proban parte hartu zuten gaztetxoak.
Gaztetxoen probak eta duelokoak tartekatu egin zituzten Amets Txurruka Lagunartekoek. 18 gaztetxok hartu zuten parte mendi bizikleta zirkuituetan eta ondo baino hobeto ibili ziren guztiak. Adinaren arabera eman behar izan zituzten bueltak Errekarte Etxetaldearen ingurutik. Lehenengo 7 eta 8 urte arteko lau txirrindulari ibili ziren zirkuituan bueltaka, gero 9 eta 10 arteko beste bost, eta azkenik, 11 eta 12 urteko bederatzi txirrindulari. Gora eta behera landan zehar, gogor ibili ziren txirrindulariak. Ondarroako partaideak asko egon ziren eta neska bakarra, etxebarriko Sarai Larrinaga.
Dueluko txirrindulariak ere gogoz. Hasteko, buelta bana eman zuten Titan Deserteko Txomin Bustindui eta Xabat Arratek eta bi buelta Gaizka Sotil
Betelu gazteak. Lehen proba horretan Titan Deserteko bikoa izan zen nagusi.
Bigarren proban lau buelta eman zituen Beteluk eta bina Titan Desertekoek, eta etxebarritarra izan zen trebeena. Beraz, berdinketa hausteko hirugarren proba egin zuten, oraingoan hiru txirrindulariak batera. Bi buelta eman behar izan zituzten. Lehenengo bueltan Bustindui ailegatu zen lehenengo baina azkenean, Gaizka Sotil izan zen helmugaratzen lehena.
Gaizka Sotil ‘Betelu Jr’ eta Titan Deserteko Xabat Arrate eta Txomin Bustindui.
Parte hartzaile guztiei eskerrak emonez amaitu zen ekitaldia, eta datorren urteko Euskal Herriko Itzulia Etxebarrian hasiko dela gogora ekarriz, apirilean, itzulia hasi aurreko asteburuan, horrelako beste zirkuitu bat antolatzeko asmoa dutela aurreratu zuten antolatzaileek.
Ermita dotorea, Lekeition
Lekeitioko San Andres auzokoek ere sainduaren eguna ospatu dute gaur eguerdian. Mª Rosa Roblesek, Maribel Goikoetxeak eta Begoña Goikoetxeak auzoko ermita atondu eta ospakizun berezia prestatu dute San Andres Egunerako. Meza eta lagunartean mokadutxoa hartzeko aukera egon da, Mario Fortunik prestatutako pintxo gozoekin.
Mª Rosa Robles, Maribel Goikoetxea eta Begoña Goikoetxea San Andres auzoko ermitan.
Auzoko ermita bertan behera utzita zegoela eta, auzotarren artean garbitu, txukundu eta dotore jantzi zuten orain dela urte batzuk. Ordutik festak berreskuratu dituzte eta bizi berria eman diote San Andresko ondare zaharrari. Ermitako ospakizunetan batzen duten borondateagaz antolatzen dituzte gainera jaiak, eta auzoatarrak eurak dira ermitaren zaintzaile.
Auzotarren eta herritarren elkargune izan da gaurkoan ermita.