Ondarroako Udal Berdintasun Sailak eta Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak antolatuta,
Eromenari irakurketa feminista bat deritzon tailerra egingo da Etxelilan abenduaren 11n eta 12an.
Itxaso Martin Zapirain antropologo donostiarra eta
Ni, Vera liburuaren idazlearen eskutik, guztira, lau orduko bi saio egingo dira: lehenengoa, abenduaren 11n (barikua), 17:00etatik 21:00etara; eta, bigarrena, abenduaren 12an (zapatua), 10:00etatik 14:00etara.
Itxaso Martin idazle eta antropologoa. Argazkia: Estitxu Zabala / Irutxuloko Hitza
Antolatzaileek aurreratu dutenez, ikastaroak bost euroko kostua izango du, eta bertan parte hartu nahi dutenek aurretik eman beharko dute izena. Talde bakoitzeko, gutxienez, zazpi lagun egon behar dute, eta taldea bete ahala itxi egingo da matrikulazioa; bestela, ikastaroa hasi arte egin daiteke matrikula. Izena emateko matrikula fitxa bete eta ordainketa egin behar da. Goizetan, Udal Diru Bilketa bulegoan (Kantoipe 3an) egiteko aukera egongo da, eta arratsaldeetan, Etxelilan (Artibai 3, 2. pisua).
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko da. Zerbitzu hori behar duten ikasleek aldez aurretik jakinarazi beharko dute.
Geugaz aldizkaria, kalean
Beste alde batetik, Berdintasun Sailak argitaratzen duen
Geugaz aldizkariaren 4. zenbakia ere kalean dago; aldizkaria herriko zenbait leku publikotan eta
Interneten dago irakurgai.