Mutrikuko Zine Forum Taldeak urtero antolatzen duen Motz Motzian film laburren lehiaketak badu irabazlea. Xiri sari nagusia, aurten, Nerea Arrizabalagaren
Isabel lanak jaso du.
Sari banaketa egin aurretik, ordea, Motz Motzian V. film laburren lehiaketara aurkeztu diren lanen proiekzioa egin zen Zabiel Kultur Etxeko bideo gelan. Herritarrek ondo baino hobeto erantzun zuten, eta baten ordez, bi emanaldi egin behar izan ziren. “Jendea aretoan sartzen ez zela ikusirik, bi emanaldi egitea erabaki genuen. Bietan gainezka egon zen aretoa; batzuk lurrean eserita ere ikusi zituzten aurten lehiaketara aurkezten ziren lanak”, nabarmendu dute antolatzaileek.
Zabiel kultur etxeko bideo gela, jendez gainezka. Argazkia: Alberto Gorritiberea
Aurreikusi modura, aurten lehiaketara aurkeztu diren bi lanak proiektatu zituzten:
Heriotza misteriotsua eta
Isabel. Aurretik, baina, Josetxo Flores
Kaskas Zine Forum taldeko kideari eta sortzaileari omenaldi xumea egin zioten han batutakoek. Hain zuzen ere, lehen urteko lehiaketa sustatzeko Floresek prestatu zuen bideoa ere proiektatu zuten, herritarren txalo zaparrada artean.
Lehiaketara aurkeztutako lan biek harrera ona izan zuten publikoaren artean, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, ikusleek ez eze, egileek ere “esperientzia oso aberasgarria” bizitzeko aukera izan zuten.
Nerea Arrizabalagak Eneko Elezgarairen eskutik jaso zuen Xiri Saria. Seme-alabekin batera jaso zuen saria. Argazkia: Alberto Gorritiberea
Azkenik, sari banaketa egin zuten. Xiri sari nagusia Nerea Arrizabalagaren
Isabel lanak jaso zuen. Arrizabalagak beste hainbat lagunekin batera Isabel de Lobiano mutrikuarraren eta Pedro de Idiazkezen arteko amodio istorioa kontatu zuen film laburrean. Arrizabalagak bere bi seme-alabekin batera pozik jaso zuen saria Eneko Elezgarairen eskutik.
June Collazo eta bere kuadrillak egindako
Heriotza misteriotsua lanak, aldiz, herritarren sari berezia jaso zuen. Adinez oso gazteak baldin badira ere, lan “oso txukuna” egin dutela azpimarratu zuten antolatzaileek. Collazok eta kuadrillak ere, Elezgarairen eskutik jaso zuten saria.
June Collazo -erdian- eta bere kuadrilla Eneko Elezgarairekin batera. Argazkia: Alberto Gorritiberea
Antolatzaileak, oro har, oso pozik eta gustura agertu dira. Bideo emanaldian eta sari banaketan 150 lagunetik gora batzea oso positibotzat jo dute Zine Forum Taldeko kideek. “Lehiaketa antolatu edo ez hainbat zalantza izan ditugu, baina herritarren erantzun beroak aurrerantzean ere lanean jarraitzeko indar asko eman digu. Herrian zinearekiko interesa badagoela ikusi dugu. Orain herritar horiek euren lanak egitera animatu nahiko genituzke”.