Sanandresak elkargune

San Andresen omenezko jaiak ospatu dituzte Etxebarrian, Ibarrangelun eta Lekeition. Ekitaldiz betetako asteburuaren ostean, jai egun handia izan zuten atzokoa.Buztinarekin jolasean hasi zuten San Andres Eguna atzo, Etxebarrian. Rosa Mari Etxabe herriko...

San Andresen omenezko jaiak ospatu dituzte Etxebarrian, Ibarrangelun eta Lekeition. Ekitaldiz betetako asteburuaren ostean, jai egun handia izan zuten atzokoa.

Buztinarekin jolasean hasi zuten San Andres Eguna atzo, Etxebarrian. Rosa Mari Etxabe herriko artistaren gidaritzapean, buztina lantzen ibili ziren herriko ume eta gaztetxoak, goizean, eta arratsaldean ere eskulanekin gozatzeko aukera eduki zuten, estanpazio teknikak ikasiaz, eskuak margoetan sartuta.

Umeez gain, gazte eta nagusiak ere batu ziren atzo arratsaldean Etxebarriko frontoian. Batzuek Briska txapelketan parte hartzen zuten bitartean, besteek gauerako afari-merienda prestatu zuten. Urtero modura, talo, txorizo, urdaiazpiko, odoloste eta gaztaina errerik ez zen falta izan frontoiko mahai luzeetan. Jaietako kartel lehiaketako sariak ere banatu zituzten. Aurtengo irabazleak Nahia Espilla, Aitana Aransolo, Sarai Larrinaga eta Manuela Diaz izan dira.

Egun handiagaz amaitu zituzten sanandresak etxebarritarrek, baina asteburuan ere ez zaie falta izan ekitaldirik. Kirola izan da nagusi. Zesta-puntako pilota partidak eta eskuzkoak ikusteko aukera egon da zapatuan eta domekan, eta Amets Txurruka Lagunartiek ume eta gazteentzako mendi bizikleta proba berezia antolatu du.

Alde batetik, 7 eta 12 urte arteko txirrindulari gazteentzako mendi bizikleta probak egon ziren, eta, bestetik, Titan Desert proba egin zuten Txomin Bustindui eta Xabat Arrate eta Etxebarriko Gaizka Sotilen arteko duelua burutu zen.

18 gaztetxok hartu zuten parte mendi bizikleta zirkuituetan, eta ondo baino hobeto ibili ziren guztiak. Ondarroako partaide asko egon ziren, eta neska bakarra, Etxebarriko Sarai Larrinaga. Dueluko txirrindulariak ere gogoz ibili ziren. Proba bi egin zituzten; lehenengoan Titan Desertekoak geratu ziren garaile, eta bigarrenean Gaizka Sotil. Beraz, berdinketa apurtu behar izan zuten hirugarren zirkuitu bat osatuz. Justu-justu, baina Etxebarriko txirrindulari gaztea izan zen garailea.

Ermita dotorean

Lekeitioko San Andres auzokoek ere sainduaren eguna ospatu zuten atzo. Mª Rosa Roblesek, Maribel Goikoetxeak eta Begoña Goikoetxeak auzoko ermita atondu eta ospakizun berezia prestatu zuten San Andres Egunerako. Meza eta lagunartean mokadutxoa hartzeko aukera eskaini zuten, Mario Fortunik prestatutako pintxo gozoekin.

Auzoko ermita bertan behera utzita zegoela eta, auzotarren artean garbitu, txukundu eta dotore jantzi zuten orain dela urte batzuk. Ordutik festak berreskuratu dituzte eta bizi berria eman diote San Andresko ondare zaharrari.

Mus eta briska txapelketekin, trikitilarien doinuekin eta Lorea dantza taldien emanaldiagaz eman diote kolorea San Andres jaiei Ibarrangelun. Festarako gogorik ez dute falta izan.