Gizaburuagako Olazar kultur elkarteak antolatuta, domekan [azaroak 29] Santa Katalina jaiak ospatu zituzten herritarrek. Ohi modura, eguerdian bazkari giroan batu ziren herritarrak. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, pozik ibili ziren bateko eta besteko ospakizunetan. “Oso ondo ospatu genuen jai egun berezia. Aspaldiko urteetan ez modura, ez zuen euririk egin, eta denok pozik”.
Barraskilo lasterketa. Argazkia: Olazar Kultur Elkartea
Bazkariaz gain, hainbat ekimen prestatu zituzten kultur elkarteko kideek. Herriko nagusienak mezatan batu ziren, eta haiek elizatik irten ostean, gazteenak frontoian batu ziren, IX. Barraskilo lasterketan. Antolatzaileek agertu dutenez, nahikoa gaztetxo batu ziren lehiaketan; guztira, 20 bat gaztetxo. “Giro ederra eta polita egon zen barraskilo lasterketan. Ume bakoitza bere barraskiloagaz etorri zen, eta barraskiloek marra biren arteko ibilbidea egin behar izan zuten. Azkarrenak sari berezia lortu bazuen ere, parte hartzaile guztiek jaso zuten euren oparia”. Irabazleari dagokionez, Lara Artolaren karakola izan zen azkarrena.
Ordu berean, herritarrek udaletxe berria barrutik ezagutzeko aukera izan zuten. Udal ordezkariek inaugurazio ekitaldia egin zuten, eta hantxe batu ziren herritar gehienak eraikin berria ikusteko gogotsu. Barruko instalazio guztiak ezagutu ostean, hamaiketakoa egin zuten herritarrek.
Santa Katalina jaietako herri bazkaria. Argazkia: Olazar Kultur Elkartea
Herriko tabernan egindako herri bazkaritan, aldiz, ia 60 lagun batu ziren. Lehendabizi, haurren eta gaztetxoen txanda izan zen. 15 urtetik beherakoek batera bazkaldu zuten, eta arratsaldea, ludotekan jolasean igaro zuten txikienek. Azkenik, helduak batu ziren bazkaritan. Guztira, 35 lagun batu ziren giro onean, eta bapo bazkaldu ostean, bingoan pasa zituzten bazkal osteko orduak.