Yago Mateo eta Aitor Oñederrak eraman dituzte urrezko antzarrak

Film onenaren sariagaz gain gidoi onenaren saria irabazi du Oñederrak eta argazki saria eta Antzar Morea Mateok. Benito Ansola Beka Irati Canorentzat izan daAitor Oñederraren I said I would never talk about politics eta Yago Mateo Velascoren Fishura ...

Film onenaren sariagaz gain gidoi onenaren saria irabazi du Oñederrak eta argazki saria eta Antzar Morea Mateok. Benito Ansola Beka Irati Canorentzat izan da

Aitor Oñederraren I said I would never talk about politics eta Yago Mateo Velascoren Fishura lanak izan dira 38. Euskal Zine Bileraren irabazleak. Debako eta Gasteizko zinegileen lanek Lekeitioko jaialdiko film profesional eta amateur onenaren urrezko antzarrak eramateagaz gain gidoi onenaren eta argazki onenaren sariak ere eskuratu dituzte. Fishurak, gainera, Lekeitioko zine bilerak genero ikuspegia hoberen txertatzen duen lanari ematen dion Antzar Morea eraman du.

Guztira 15.000 euro eta hamabi sari banatu ditu 38. Euskal Zine Bilerak aurtengo 41 parte hartzaileen artean. Zazpi filmeren artean banatu dira sari guztiak. Izan ere, irabazleetako batzuk sari bat baino gehiago eraman dituzte. Erika Elizaren Mezu bat hozkailuan lanak esate baterako amateur mailako zuzendaritza saria eta gidoi saria irabazi ditu. Berdina gertatu da Gotzon Aurrekoetxea del Barrioren The Devil on your back lanagaz; profesional mailako zuzendaritza saria eta argazki saria lortu ditu.

Bestalde, epaileek apipamen berezi bat ere egin nahi izan dio Beñat Fuentes Goikoetxea mungiarraren Arrantzaleen Kanta lanari eta Miren Gojenola aktoreak Brunilda filman egindako lana ere goraipatu dute. Musikak ere garrantzi handia dauka filmeetan eta Abiadura filmeko musika nabarmendu du epaimahaiak.

Begirada ikurra

Kepa Errasti, Jon Ander Alonso eta Silvia Manzanak gidatutako ekitaldi jendetsuagaz amaitu zen zapatuan, Lekeitioko euskal zinemaren jaialdia. Sari banaketagaz hasi orduko baina, Euskal Zinearen Begirada ikurra eman zieten maiatzean hil zen Aitor Mazo antzezle, zuzendari eta gidoilariaren bikote eta alabari. Aitor Mazoren jardunbidean lagun eta kide izan zituen Alberto Gerrikabeitia Abra Produccioneseko ekoizleak, Jokin Oregik eta Patxo Telleriak hitz batzuk eskaini zituzten.

Euskal zinearen sariez gain, Benito Ansola Bekaren irabazlea ere aditzera eman zuten zapatuan. Irati Cano donostiar gaztarentzat izango da hirugarren Benito Ansola Saria. 3.000 euro izango ditu Leihoak proiektua gauzatu ahal izateko.