Urriaren bukaeraz geroztik, Eibarko ertzain etxeko hainbat agente Debabarreneko landa ingurua patruilatzen hasita daude uniformea jantzita eta
Ertzaintzaren bereizgarriak dituzten ibilgailuetan, eta horren berri ematera datoz Mutrikura. Barikuan [abenduak 4], 20:00etan, aurkezpena egingo dute Galdonan. “Debabarreneko landa ingurua zaintzen sei agente dabiltza, eta horiek egiten duten lana azaltzera gatoz”, azaldu dute Eibarko ertzain etxeko agenteek.
Hitzaldia, batez ere, landa gunean bizi direnei zuzenduta baldin badago ere, gaiaren inguruan interesa eduki ahal duten herritar guztiak gonbidatuta daudela nabarmendu dute Eibarko ertzain etxeko arduradunek. Horrez gainera, hurbiltzailearen figura berria ere aurkeztuko dute ertzainek barikuko ekimenean.

Agenteak herritarrekin egindako hitzaldi batean parte hartzen. Argazkia: Ertzaintza
Ertzaintzak nabarmendu duenez, herrigunetik aldenduta bizi diren herritarrei ere “gertuagoko” zerbitzua ematea da patruila berezi horien helburu nagusia. Modu horretara, herritar gehienak biltzen dituzten hiriguneetan ez ezik, herrigunetik sakabanatutako guneetan ere zerbitzua egongo da. “Inguru horiek ere, berezko arazoak izaten dituzte. Eskakizun berezi horiek antzeman, ezagutu eta konpontze aldera, ertzainek baserrietara eta isolatutako etxeetara bistaldiak egingo dituzte, eta bizilagunekin zuzenean elkarrizketatuko dira, euren errealitatea hurbilagotik ezagutzeko. Funtsean, helburua Ertzaintzaren zerbitzua herritarrei hurbiltzea da”.
Bizilagunekin izandako elkarrizketatik, hainbat informazio eta datu pertsonal jasotzen dituzte, eta horiek batuta, mapa berezi bat sortzen ari dira. “Modu horretara, inguru bakoitzean zer kezka edo zer behar dauden zehatz jakiteko aukera dugu”.

Ertzainak salbamenduko erakusketa bat egiten. Argazkia: Ertzaintza
Era berean, baserritarrek eta sakabanatutako guneetako etxebizitzen jabeek eskura dituzten datuen elkarbanatzearen garrantziaz ohartarazi dute. “Edozer gauza ikusten edo sumatzen badute guri deitzea gomendatzen dugu. Gertaeraren bat nahiz eta garrantzia handikoa ez dela pentsa, askotan, horiek dira erabakigarrienak. Izan ere, datu txiki horiek beste herritar batzuengandik jasotako datuekin batzea lortzen dugu, eta eskuartean izan dezakegun kasuren bat argitzeko oso garrantzitsu bihurtzen dira”.
Landa patruilak, gainera, eta herritarrei “zerbitzu eraginkorragoa” eman ahal izateko, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldinduko basozainekin eta izadizainekin lankidetzan arituko direla jakitera eman dute.
Lapurretak ekiditeko kanpaina berezia
Bestalde, Gabonetara begira, Mutrikun lapurretak ekiditeko prebentzio kanpaina berezi bat abian jartzeko asmoa agertu du Ertzaintzak. Informazioa Bertan Mutrikuko Merkatarien Elkartearen bidez banatuko da egunotan. “Lapurretak ekidin aldera eta lapurreten biktima ez izateko, informazio erabilgarria banatuko dugu herriko merkatarien bidez”.