Egozten dizkioten delitu ekonomikoen gaineko dokumentazioa eraman du Espainiako Auzitegi Gorenera. Halaber, salatu du presoen defentsa juridikoa oztopatzeko “muntaia itzela” dela.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aginduz deklaratu du. Izan ere, Espainiako Gorteetan Amaiur koalizioko senataria denez foruduna da, eta beraz, Auzitegi Gorenari dagokio Goioaga epaitzea. Velasco epaileak senatariaren aurkako auzibidea abian jartzeko eskatu zion ekainean Gorenari.
Amaiurko senataria ordubete pasa aritu da goizean auzitegiko Miguel Colmenero epailearen eta fiskaltzaren galderei erantzuten.
Urtarrilean euskal presoen defentsa egiten duten abokatuen kontrako operazioaren baitan, Velascok ustezko delitu hauek egin izana leporatzen dio Goioagari: Talde terroristako kide izatea, terrorismoa finantzatzea, Ogasun Publikoarenganako delitua, Gizarte Segurantzari iruzur egitea eta diru-zuritzea.
Inputazioaren eta egozten dizkioten “faltsukerien zitaltasuna” salatu du epaitegiko atarian bildutako komunikabideen aurrean.
Azaldu duenez, galdeketak iraun duen bitartean ez diote inputatzen dizkioten delitu ekonomikoen inguruko galderarik egin. Abokatu moduan egiten duen “lan juridiko profesionalari” buruzko galderak izan direla bakarrik zehaztu du. Gainera, epailearen aurrean bere lan juridikoa berretsi du. Adierazi du bere bezeroen interes juridikoak defendatzen jardungo duela aurrerantzean ere “normaltasun osoz”.
Goioaga bere abokatu Jone Goirizelaiarekin, Amaiurko diputatu Jon IƱarriturekin eta zenbait senitartekorekin joan da Espainaiko Auzitegi Gorenera.