Plazabarripe aurrean dagoen errepide zatia eraldatzen hasiko da Markina-Xemeingo Udala urtea amaitu orduko. Galtzadarri itxurako asfaltozko zorua jarriko dute. Helburua oinezkoen igarobidea seguruago egin eta erraztea dela jakitera eman du udalak.

Plazabarripe aurreko errepidea.
Zelaitik eta Goiko Portaletik Plazabarripera eta frontoi ingurura joan ahal izateko zebrabide bi daude gaur egun. Zebrabide bi horiek lotuko ditu zoru berriak. Hau da, batetik bestera arte luzatuko da galtzadarri itxurazko lurzorua. «Ibilgailuek abiadura moteldu beharko dute tarte horretan eta oinezkoen igarobidea bermatuta egongo da», azpimarratu du Juanjo Txurruka Markina-Xemeingo alkateak.
Lurzoru aldaketagaz gain, Karmengo elizaren aurrean hasi eta Goiko Portaleko kantoira arte dauden bola formako piboteak kenduko ditu udalak, azaldu dutenez «istripuak eta erorketak ekiditeko». Horren ordez, arbolak jarriko dituzte errepidea eta oinezkoen alderdia banatzeko.
Arbolez gain, gainera, ibilgailurik sartu ez ahal izateko, jarlekuak ere ipiniko dituzte. Aldi berean, jarleuak jarrita plazari bizitasuna eman eta eroso egoteko txoko bat ere sortu nahi dute.
Erdotzako sarrera
Zelai inguruko errepideagaz gain Erdotza Etorbidekoa ere egokitzen jarraitzeko asmoa dauka udalak. Espaloiak egin zituzten etorbideko alderdi bietan, eta orain, bigarren zatiagaz jarraituko dute. Espaloiak konpondu eta bideko erdibitzaileak aldatuko dituzte. Bidegurutzeak hobetzea dela helburua aitatu dute, Erdotzako etxebizitzetakoa eta Etxanokoa, eta bidegorria luzatzen joango dira. «Etxanotik behera luzatuko dugu bidegorria besteagaz bat egin arte».
Etxano parean dagoen malda leuntzen saiatuko dira.