
Udal Euskaldunen Mankomunitateagaz elkarlanean egingo dute azterketa.
Biztanleria osora heldu nahi dute, 400 bat herritarrengana, eta diagnosia egin ostean, zein pauso eman eta zelan jokatu aztertuko dute: “Egoerari nondik heldu jakin ostean, abiapuntu horretatik abiatzeko”.
Izan ere, udal ordezkariek azaldu dutenez, aspaldi egin zuten hemen euskararen inguruko azterketa, eta azken urteetan euskarak beherakada izan duenez herrian, azterketa egitea beharrezkoa dela erabaki zuten.
Munitibar-Arbatzegi-Gerrikaitzko 14 urtetik gorako bizilagunek parte hartuko dute diagnosian. Horiei, galdeketa bat betetzeko eskatuko diete udaletik.
Azaldu dutenez, bost bat minututan betetzeko modukoa da, erraz betetzeko galdetegia prestatu dute.
Euskara batzordea azaroan sortu berri dute, eta bertan dauden udalerriko elkarte eta eragile desberdinek hartuko dute parte diagnostikoan. Gaur arratsaldean, denen artean galdeketak banatuko dituzte eta bihar hasiko dira munitibartarrei galdeketa banatzen.
Gainera, herritarrak jakinaren gainean daude. Izan ere, aurreko astean diagnosiaren berri emateko gutunak bidali zituzten etxeetara.