Ertzaintzak Debabarreneko landa patruila berria ezagutara emango du bihar
Hitzaldia landa gunean bizi direnei zuzendua baldin badago ere, gaiaren inguruan interesa eduki dezaketen guztiak gonbidatuta daude. Aurkezpena Galdonako kanpinean egingo da, 20:00etanEibarko ertzain etxeko hainbat agente Debabarreneko landa ingurua pa...
Hitzaldia landa gunean bizi direnei zuzendua baldin badago ere, gaiaren inguruan interesa eduki dezaketen guztiak gonbidatuta daude. Aurkezpena Galdonako kanpinean egingo da, 20:00etan
Eibarko ertzain etxeko hainbat agente Debabarreneko landa ingurua patruilatzen hasita daude, eta horren berri ematera datoz Mutrikura. Bihar, 20:00etan, aurkezpena egingo dute Galdonan. «Debabarreneko landa ingurua zaintzen sei agente dabiltza, eta horiek egiten duten lanaren berri ematera gatoz», azaldu dute Eibarko ertzain etxeko agenteek.Hitzaldia, batez ere, landa gunean bizi direnei zuzenduta baldin badago ere, gaiaren inguruan interesa eduki ahal duten herritar guztiak gonbidatuta daudela nabarmendu dute antolatzaileek.
Herrigunetik aldenduta bizi diren herritarrei ere «gertuagoko» zerbitzua ematea da patruila berezi horien helburu nagusia. Ertzaintzak azpimarratu duenez, modu horretara, herritar gehienak biltzen dituzten hiriguneetan ez ezik, herrigunetik sakabanatutako guneetan ere zerbitzua egongo da. «Inguru horiek ere, berezko arazoak izaten dituzte. Eskakizun berezi horiek antzeman, ezagutu eta konpontze aldera, ertzainek baserrietara eta isolatutako etxeetara bistaldiak egingo dituzte, eta bizilagunekin zuzenean elkarrizketatuko dira, euren errealitatea hurbilagotik ezagutzeko. Funtsean, gure helburua Ertzaintzaren zerbitzua herritarrei hurbiltzea da».
Edozein datu, garrantzitsua
Bizilagunekin izandako elkarrizketatik, hainbat informazio eta datu pertsonal jasotzen dituzte agenteek, eta horiek guztiak batuta, mapa berezi bat sortzen ari dira. «Modu horretara, inguru bakoitzean zer kezka edo zer behar dauden zehatz jakiteko aukera dugu».
Era berean, baserritarrek eta sakabanatutako guneetako etxebizitzen jabeek eskura dituzten datuen elkarbanatzearen garrantziaz ohartarazi dute. «Edozer gauza ikusten edo sumatzen badute guri deitzea gomendatzen dugu. Gertaeraren bat nahiz eta garrantzia handikoa ez dela pentsa, askotan, horiek dira erabakigarrienak. Askotan, datu txiki horiek beste herritar batzuengandik jasotako datuekin batzea lortzen dugu, eta eskuartean izan dezakegun kasuren bat argitzeko oso garrantzitsu bihur daitezke».
Eta patruilak herritarrei «zerbitzu eraginkorragoa» eman ahal izateko, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldinduko basozainekin eta izadizainekin lankidetzan ari dira.