Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratu du Iñaki Goioagak
Iñaki Goioagak Espainiako Auzitegi Gorenean deklaratu zuen atzo goizean. Egozten dizkioten delitu ekonomikoen gaineko dokumentazioa aurkeztu zuen.Halaber, salatu zuen presoen defentsa juridikoa oztopatzeko «muntaia itzela» dela dena.Espainiako Auzit...
Halaber, salatu zuen presoen defentsa juridikoa oztopatzeko «muntaia itzela» dela dena.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epailearen aginduz deklaratu zuen.
Izan ere, Espainiako Gorteetan Amaiur koalizioko senataria denez foruduna da, eta horregatik Auzitegi Gorenari dagokio hura epaitzea. Velasco epaileak senatariaren aurkako auzibidea abian jartzeko eskatu zion ekainean Gorenari.
Amaiurko senataria ordubete pasa aritu zen auzitegiko Miguel Colmenero epailearen eta fiskaltzaren galderei erantzuten.
Urtarrilean euskal presoen defentsa egiten duten abokatuen kontrako operazioaren baitan, Velascok ustezko delitu hauek egin izana leporatzen dio Goioagari: Talde terroristako kide izatea, terrorismoa finantzatzea, Ogasun Publikoarenganako delitua, Gizarte Segurantzari iruzur egitea eta diru-zuritzea.
Inputazioaren eta egozten dizkioten «faltsukerien zitaltasuna» salatu zuen atzo epaitegiko atarian bildutako komunikabideen aurrean.
Lanari buruzko galderak
Azaldu zuenez, galdeketan ez zioten inputatzen dizkioten delitu ekonomikoen inguruko galderarik egin. Abokatu moduan egiten duen «lan juridiko profesionalari» buruzko galderak izan zirela bakarrik zehaztu zuen.
Epailearen aurrean bere lan juridikoa berretsi zuen. Adierazi zuen bere bezeroen interes juridikoak defendatzen jardungo duela aurrerantzean ere «normaltasun osoz».