Gaur hasita, 04/08 auzian epaituko dituzte Fullaondo eta Etxaburu
35 lagun epaituko dituzte, Batasuna, EAE-ANV eta EHAK alderdien kontrako auzian. Fiskalak hamarna urteko kartzela zigorra eskatuko du auzipetuentzat04/08 auziaren baitan, Marije Fullaondo Errigoitiko bizilaguna eta Mikel Etxaburu ondarrutarra epaituko ...
35 lagun epaituko dituzte, Batasuna, EAE-ANV eta EHAK alderdien kontrako auzian. Fiskalak hamarna urteko kartzela zigorra eskatuko du auzipetuentzat
04/08 auziaren baitan, Marije Fullaondo Errigoitiko bizilaguna eta Mikel Etxaburu ondarrutarra epaituko dituzte gaurtik aurrera, Madrilen. Haiekin batera, beste 33 euskal herritar ere badaude auzipetuta. Hain zuzen, ETAko kide izatea leporatzen diete bai fiskalak eta baita AVT eta Dignidad y Justicia elkarteetako akusazioek. 2005ean hasi zituzten ikerketak, eta 2007. urtean atxilotu zituzten auzipetuak. 2007ko urriaren 10ean burututako Segurako operazioaren harira, urte bereko abenduaren 18an atxilotu zuten Marije Fullaondo, Gernika-Lumon. 2008ko otsailaren 11n atzeman zuten Mikel Etxaburu.Gaurtik aurrera deklarazioa hartuko die epaileak 35 auzipetuei, eta abenduaren 14a bitartean ariko da horretan. Ostean, lekukoen txanda izango da, defentsarenak hartuko ditu epaileak lehenengo, eta akusazioaren lekukoen txanda izango da ostean. Epaiketa, beraz, martxora bitartean luza daitekeela azaldu du Fullaondok. «Horrek sekulako kalte eta esfortzua dakartza berarekin» dio auzipetuak, «hurrengo lau hilabeteetan gure bizimodua, gure lana, gure familia bizitza zein pertsonala berrantolatzera behartuta gaude».
Egoera zail bat biziko dutela zioen Etxaburuk, 2015eko urtarrilean HITZAk elkarrizketa egin zionean. Hala ere, hortik ikasbide positiboak ateratzen saiatuko direla. «Herri honen etorkizun desberdin eta independente baten aldeko apusturik ez bagenu egin, ziurrenik ez ginateke 35 lagun auzipetuta egongo», zioen ondarrutarrak.
Beraien lana politikoa izan dela argudiatu zuten auzipetuek urtarrilean, Donostian egindako agerraldian; eta gisa horretako epaiketek Euskal Herriaren etorkizuna oztopatzea dutela helburu.
Epaiketa atzeratu
04/08 auziko epaiketak 2015eko urtarrilaren 12an hasi behar zuen, baina atzeratu egin zuten euskal herritarren defentsa egiten duten hainbat abokaturen kontrako polizia operazioagatik. Epaiketa hasi baino egun bat lehenago hainbat abokatu atxilotu zituen Guardia Zibilak; tartean, 04/08 epaiketan defentsa lanak egin behar zituztenak ere. Akusatuak eurak izan ziren epaileari auzi saioa atzeratzeko eskatu ziotenak, harik eta defentsa eskubidea bermatuta izan arte.
Politikaren bidea
Gaur hasiko den epaiketa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten domekan Errigoitin. Auzipetuak aske uzteko eta epaiketa politikoekin amaitzeko eskatu zuten. Adierazi zutenez, azkenaldian emandako pausoek eta abiatutako prozesu demokratikoak konfrontazioa eremu politiko hutsera mugatuko duen etorkizuna du helburu, eta epaiketa politikoek traba egiten dutela azaldu dute.
35 euskal herritarren kontrako epaiketak frustrazioa eragiten duela azaldu dute elkarretaratzearen deitzaileek, eta euskal herritarrek ilusioa izan badutela bakea eta justizia oinarri izango dituen etorkizuna sortzen hasteko.