Akusazioak ukatu dituzte 04/08ko auzipetuek
Ezker abertzaleko 35 kideren aurkako 04/08 auziko epaiketa atzo hasi da Espainiako Auzitegi Nazionaleko San Fernando de Henaresko (Madril, Espainia) egoitzan. Legez kanporatutako ezker abertzaleko alderdietan aritutako kideak, tartean Mikel Etxaburu on...
Epaitegira sartu aurretik elkarretaratzea egin dute auziperatuek, eta Pernando barrenak 35 lagunen izenean, Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketa «jazarpen politiko argia» dela salatu du. «2005 eta 2007 artean euskal militanteek egin zuten lan politikoa da gaurkoan epaitzen ari direna». Guztiz «oinarri politikoa» duen epaiketa dela ere azpimarratu du Barrenak.
Atzo Madrilen hasitako epaiketa, gainera, duela 45 urte hasitako Burgosko prozesuarekin alderatu zuen Barrenak. «Gaur 45 urte, 1970eko abenduaren 3an, beste epaiketa handi bat hasi zen. Frankismoaren bukaeraren hasiera suposatu zuen Burgosko epaiketak, eta nahiko genuke hemen hastekoa den epaiketa honek jasarpen politikoa oinarri duten epaiketen bukaera suposatzea».
Epaiketari dagokionez, defentsak bere akusatuen aldeko mintzaldia egiteko tartea izan zuen. Abokatuek prozeduran «irregulartasunak» egon direla nabarmendu zuten, eta akusaziorako froga gisa erabilitako polizia txostenetan «erroreak» egon direla azpimarratu zuten. Hartara, dokumentazio eta froga berriak eskatu dituzte defentsa abokatuek, eta epaimahaiak horiek onartu egin ditu.
11:00ak inguruan deklaratu du Haizpea Abrisketa lehen akusatuak. Abrisketaz gain, Marisa Alejandrok, Nuria Alzugaraik, Egoitz Apaolazak eta Aitor Aranzabalek ere deklaratu zuten. Deklaratu zuten lehen akusatuek defentsak egindako galderei bakarrik erantzun zieten, guztiek akusazioak ukatu zituzten.
14:00ak inguruan amaitu zen lehen saioa; gaur jarraituko du epaiketak.