Barraskiloak eta Errioxako ardoa nagusi, azken azoka berezian
Zapatu honetan egingo dute 2015eko Gernika-Lumoko azken azoka berezia, eta barraskiloak eta Errioxako ardoa izango dira oraingoan jendaurrean aurkeztuko dituzten produktuak.Urtero legez, ekainean egin zuten lehenengo azoka, eta urteko azken hilabetean ...
Urtero legez, ekainean egin zuten lehenengo azoka, eta urteko azken hilabetean egingo dute azkena. Guztira, beraz, zazpi azoka berezi hartuko ditu Gernika-Lumok.
Zapatuan, 09:00etan zabalduko dute azoka, eta 14:30era bitartean, barraskiloez eta Errioxako ardoaz gozatzeko aukera edukiko du merkatu plazara bertaratzen denak, besteak beste.
Zapatukoa azken hitzordua izanik, berezia izango dela aipatu du Gernika-Lumoko Udalak. Hori horrela, eskualdeko hainbat txokotatik heldutako 24 ekoizle hartuko ditu merkatu plazak.
Ohiturek, baina, jarraitu egingo dute, eta aurrekoetan legez, oraingo honetan ere, eskualdeko lehen sektoreko ekoizleek parte hartuko dute azokan. Horiek beraien ortu eta lurretatik batutako barazki eta frutak jarriko dituztesalgai zapatuko salmahaietan. Halaber, artisautza produktuek ere izango dute beraien tokia zapatuko azokan: hala nola, saskigintzari, zeramikari, larruari… lotutakoak izango dira aukeran. Horrez gain, patea edota eztia bezalako lehen mailako jakiak ere erosteko aukera egongo da.
Txikitxoenek, gainera, ondo pasatzeko hainbat jolas izango dituzte.
Karakol txapelketa
Barraskiloek ez dute soilik zapatuko hitzorduko nagusitasuna bereganatuko; izan ere, hilaren 20an, leku berean, Euskadiko XXXIX. karakol txapelketa eta Etxeko karakol kazola txapelketa jokatuko dute. 10:00etan hasiko dute xapelketa, eta 12:00etarako, etxeko kazolak aurkeztu beharko dituzte. Ordu erdi beranduago, berriz, plazan prestatutako kazolen aurkezpena egiteko saioa iritsiko da.
Parte hartu nahi dutenek, gutxienez, 2 kilo karakol sartu beharko dituzte kazola bakoitzeko, eta horiek buztinezko ontzian aurkeztu beharko dituzte.
Goiz osoan gabon-produktu berezien salmenta egongo da.