Gaztetxea berpizteko asmoarekin dator Abendurock

Kontzertuez gain, bideo emanaldiak eta argazki erakusketa egingo dira. Jaialdian parte hartuko duten hainbat taldek euren azken lanak taularatuko dituzteBihar hasiko da Mutrikuko XI. Abendurock jaialdia. Kultur eskaintza zabala eskaintzen duen egitarau...

Kontzertuez gain, bideo emanaldiak eta argazki erakusketa egingo dira. Jaialdian parte hartuko duten hainbat taldek euren azken lanak taularatuko dituzte

Bihar hasiko da Mutrikuko XI. Abendurock jaialdia. Kultur eskaintza zabala eskaintzen duen egitaraua prestatu dute Mutrikuko Rock Kolektiboko kideek, eta abenduaren 26ra bitartean, hiru asteburutan banatuta, hainbat kontzertu eskainiko dira; baina horiez gain, musikarekin zerikusi estua duten argazki erakusketa eta dokumental proiekzioak ere egingo dira.

Rock kolektiboko kideek nabarmendu dutenez, aurtengo jaialdia «indartsu» dator, eta kultur zale guztiak doan egingo diren ekimenetara gonbidatu dituzte.

Aspaldiko urteotan ez modura, aurten ekimen guztiak toki berean izango dira: Gaztetxe berrituan. Mutrikuko Gazte Asanbladako kideekin elkarlanean, espazioa txukuntzen aritu dira azken asteotan rock kolektiboko kideak, eta Abendurock jaialdiaren barruan itxura aldatuta irekiko ditu ateak berriro.

Hainbat herritarrek auzolanean lokala margotu, argiztapena berritu, akustika hobetu eta beste hainbat hobekuntza egin dituzte, eta horiek egindako lanaren emaitza ikusteko aukera egongo da biharko inaugurazio ekitaldi xumean. «Datorrenari egin ditugun aldaketa eta konponketa guztiak gustura erakutsiko dizkiogu, eta ondoren, luntxa egingo dugu».

Bultzada berri bat

Hain zuzen ere, Gaztetxeari bultzada berri bat eman nahi diote gazte asanbladako eta rock kolektiboko kideek. Hartara, Gaztetxia berpizten leloarekin dator Abendurock jaialdia bera ere. «Gaztetxea bera nahikoa hilda zegoen, eta denon artean, indarrak batu eta berpiztea erabaki dugu».

Kontzertuez gain, hitzaldiak, antzerkiak, bideo emanaldiak, bertso saioak, erakusketak… eta beste abarren espazio publiko bihurtzea nahi dute Gaztetxea. «Gaztetxea herriko talde guztiei irekita dagoen espazio bat izatea nahi dugu».

Gaztetxe barruko espazio berrantolatu egin dute, eta modu horretara, «maila altuko» Gaztetxea eskaini. Orain egin diren aldaketekin, esaterako, kontzertuek kalitatean irabazi egingo dutela diote. «Egitura finko bat muntatu dugu, eta kontzertuak eskaintzera datozenentzako ere askosaz erosoagoa izango da. Argiztapen eta soinu aldetik ere, asko irabazi du, eta zuzenekoaren kalitatea nabarmen hobetuko da».

Herriko taldeen agerleku

Jaialdiari dagokionez, hasiera indartsua izango du Abendurockek. Bihar, Pelax eta Cowboy’s Orchestaren kontzertua ikusteko aukera egongo da, eta etzi Sound City Ipar Amerikako grabaketa estudio handienari buruzko dokumentala ikusteko aukera egongo da. Horrez gain, Unai Endemañoren argazki erakusketa ikusteko aukera ere egongo da. Endemaño musika munduan aritzen den argazkilari entzutetsua da, Metal Hammer eta Mondo Sonoro moduko aldizkarietarako argazkiak ateratzen ditu, esaterako.

Ohi modura, gainera, Mutrikuko Rock Koletiboko talde guztiak batzen dituen MRK gau berezia ere antolatu dute abenduaren 19rako. Etxeko taldeek hainbat bertsio ezagun taularatuko dituzte Incult taldearekin batera. Gaua luzea izango dela aurreratu dute rock kolektiboko kideek. «Ordu txikiak arte musika ipiniko dugu».

Beste berritasun batzuen artean, Durangoko azokan aurkeztutako hainbat lan taularatuko dira jaialdian. Pelax, Tooth eta Tutan come on taldeek, esaterako, euren azken lanen estreinaldia egingo dute Mutrikuko Gaztetxeko oholtza gainean. «Euskal Herri mailan aurkeztuko diren berritasun horien plaza bihurtuko gara hurrengo asteetan».

Antolatzaileek gaineratu dutenez, datozen asteotan eskainiko diren ekintzekin Gaztetxea betetzea dute helburu. «Barran batuko den dirua, urtean beste hainbat kultur ekintza egiteko bideratu nahi dugu. Gaztetxea bera berpiztu behar dugu, eta herrira zuzendu nahi dugun kultur eskaintza ere handiagoa izan daitekeela deritzogu».