Herritarren eskaerei erantzunez, bi geltoki berri ditu Bermibusek

Bermibus zerbitzuko erabiltzaileek, bi geltoki berri dituzte aukeran. Astelehenetik aurrera, Atalde kalean eta Landabaso A industriagunerako sarreran ere geldialdiak egiten hasi da, erabiltzaileek hala eskatuz gero. Herritarren eskaerei erantzuna emate...

Bermibus zerbitzuko erabiltzaileek, bi geltoki berri dituzte aukeran. Astelehenetik aurrera, Atalde kalean eta Landabaso A industriagunerako sarreran ere geldialdiak egiten hasi da, erabiltzaileek hala eskatuz gero. Herritarren eskaerei erantzuna emateko hartutako erabakia dela azaldu du Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek.

Gogorarazi duenez, Landabaso industriaguneko sarrerako geltokia, hau da, gasolindegi parean egiten dutena, berreskuratu egin da; izan ere, lehen geltoki hori ere erabiltzen zuen Bermibusak. Sasoi batean, baina, «oso gutxi» erabiltzen zela eta, kentzea erabaki zuten. Hainbat herritarrek, hala ere, berriro eskatu dutela dio; inguru horretan dago, gainera, Hizkuntza Eskola Ofiziala eta Egoitz Alai Zaharren Egoitza. Goizetan, 11:00ak eta 12:30ak inguruan; eta arratsaldean, 17:30ak eta 19:30ak inguruan egingo ditu geldialdiak geraleku horretan Bermibusek.

Astelehenetik, berriz, Atalde kaleak ere geraleku berria du. Hain zuzen ere, Atalde kalea eta Aritzatxu bidearen arteko bidegurutzearen ondoan jarri dute. Geraleku horretarako, Bermibus zerbitzuak ez du inolako aldaketarik izango ez ibilbidean, ez eta ordutegian ere.

Geraleku horren bitartez, Atalde kaleko bizikideei eta Herri Eskolako erabiltzaileei, orain arte egon den garraio zerbitzua hurbiltzea lortu gura dute.