Jostailuak, ume guztientzako

Gabonak gainean direla eta, bi kanpaina abiarazi ditu Bermeoko Kate Sarea elkarteak. Bestalde, hiru urte betetzera doa elkartea, eta hainbat proiektu prestatzen ari dira urteurrena ospatzeko.Hirugarren urteurrenari begira lanean ari da Bermeoko Kate Sa...

Gabonak gainean direla eta, bi kanpaina abiarazi ditu Bermeoko Kate Sarea elkarteak. Bestalde, hiru urte betetzera doa elkartea, eta hainbat proiektu prestatzen ari dira urteurrena ospatzeko.

Hirugarren urteurrenari begira lanean ari da Bermeoko Kate Sarea elkartea. Urteurren hori ere, herritarrei laguntzen ospatuko du elkarteak. Hori, baina, datorren urtean izango da. Lehenago, Gabonak gainean direla eta, bi kanpaina dituzte martxan. Abenduaren 12an, umeentzako jostailu eta elikagaien bilketa egingo dute, batetik; bestetik, herriko supermerkatuetan ohiko elikagaien bilketa egiten ari dira.

Herriko ume behartsuenak Gabonetan jostailu barik geratu ez daitezen eta herriko ume guztiengana iritsi asmoz, beste urte batez, jostailuak batuko ditu Kate Sarea elkarteak. Bilketa hori Izaro Bikers motozaleen elkarteagaz batera egingo dute, elkarte hori izan baitzen orain dela zenbait urte bilketa horrekin hasi zena. Aurten, gainera, Gurutze Gorriaren laguntza ere izango dute, lehenengoz.

Jostailuak biltzeko leku ezberdina ere badute aurten. Bilketa zein banaketa, antzinako Arrantzaleen Kofradian egingo dutela azaldu du Mirenlur Santiago Kate Sareako presidenteak. Ohi legez, abenduaren 12an, jostailuak kalez kale batzen ibiliko dira; 09:00etan hasi eta 13:00ak arte. Ondoren, abenduaren 19ra arte, antzinako Arrantzaleen Kofradiara eraman ahalko dira jostailuak goizeko ordutegian; 11:30etik 13:30era. Santiagok eskaera berezia egin gura die herritarrei: «Ematen dituzten jostailuen egoera ona izatea eskatzen diet. Askotan, ematen dituzten jostailuak egoera txarrean egoten dira, eta ezin ditugu erabili».

Jostailuak banatzeko herriko ikastetxeekin batzen dira, «horiek badakitelako zeintzuk diren beharrizanak dituzten familiak». Hala, Kate Sareak jostailuak eramaten ditu ikastetxeetara, edota familiak eurak hurbildu daitezke kofradia zaharrera horiek batzera. Bestalde, beraien zerrendatan dauden familien umeek ere jasotzen dituzte, «eta batzuk egon badaude». Beharrizana duten familiei dei egiten diete, gainera, kanpaina hau aprobetxatuta, urtean zehar ematen diren umeen urtebetetzeetarako jostailuak har ditzaten. Batzuetan jostailuak «soberan» geratzen baitira.

200 ume zerrendan

Aurten, gainera, jostailuak batzeagaz batera, umeentzako elikagaiak ere batuko dituzte abenduaren 12an, «horien beharra dagoelako». 600 herritar baino gehiagok jasotzen dute Kate Sarearen laguntza; «horietatik, ia 200 dira 12 urtetik behera dituzten ume eta gazteak», dio Santiagok. Hortaz, pixoihalak, esnea, ahiak…bezalako produktuak eskatzen dituzte umeentzako.

Bizkaiko Elikagaien Bankutik zein herritar anonimoengandik jakiak hartzen badituzte ere, «askotan ozta-ozta heltzen dira zerrendan dauden guztiei banatzera». Hala, nahiz eta joan den asteburuan Bizkaiko Elikagaien Bankurako elikagaiak batu zituzten, Kate Sareak bere bilketa ere hasi du. Bilketa horretan batutako Bermeon bertan geratuko da. Martitzenean hasi zuten elikagaiak batzeko kanpaina eta abenduaren 15era arte martxan egongo da; Eroski eta BM supermerkatuetan jarri dituzte jakiak uzteko orgak. Bermeotarrak oso solidarioak izan dira beti; hala ere, Gabonetara begira, herritarrak oraindik solidarioagoak izaten direla dio elkarteko presidenteak. Gehien behar dituztenak honakoak dira: esnea, kakaoa, azukrea eta tomatea.

Laguntzaile asko

Kate Sareatik azaldu dutenez, asko dira kanpaina hauekin bat egin duten herriko enpresak ere; batzuek kontserbak eman dituzte, beste batzuek, aldiz, dirua eman dute. Diru hori, baina, Kate Sarearen hirugarren urteurrenaren harira antolatuko diren ekimenetara bideratuko da aurten; zenbait proiektu baitituzte buruan.

Proiektuetako bat emakumeei zuzendutakoa izango dela azaldu du Kate Sareako presidenteak. Emakumeen autoestimua landuko dute horretan, eta 30 urtetik aurrerako Bermeoko emakume guztiei zabalik egongo da, «adin horretatik aurrerakoek izan ahal dituztelako bizi-esperientzia desberdinak, gainontzekoekin elkarbanatu ahal izateko», dio Santiagok. Esperientzia psikologikoak landuko dituzte, eta irudia zaintzeko gomendioak ere emango dizkiete parte hartzaileei, irudi-aholkulari baten laguntzagaz. Datak zehaztu barik badaude ere, 2016ko martxoa eta maiatza inguruan burutuko dute proiektua.

Beste proiektu bat, berriz, umeei zuzenduta egongo da. Umeen nazioarteko eskubideetaz ariko dira, eta herriko ikastetxeekin elkarlanean egiteko asmoa agertu dute.

Bestalde, ekitaldi nagusi bat ere egingo dutela dio, Artza frontoian egin gurako luketeena: «Azken horretatik batutako dirua elbarritasun bat duten umeen familientzako izango litzateke, askotan esfortzu ekonomiko handia egin behar izaten dutelako».

Etorkin eskatzaile gehiago

2013ko otsailaren 22an hasi zen Kate Sarea herritarrak elkarrizketatzen. Hala ere, 2012ko abenduan hasi ziren lanean. Diotenez, 600 herritarri baino gehiagori laguntza ematen amaituko dute urtea. «Krisi ekonomikoaren ondorioz muturreko egoerak bizi zituzten herritarrei laguntza emateko hasi ginen lanean. Politikoek, batzuetan, beste alde batera begiratzen dute, errealitatea zein den jakin gura barik. Bermeon, baina, gogor jo du krisi ekonomikoak», dio Santiagok. Beraiengana hurbiltzen den jendearen «etsipena» aipatzen du, «ez dutelako irtenbiderik ikusten, ez baitago lanik».

Datorren urtera begira, eskatzaileen kopurua egonkortzea gustatuko litzaieke. Hiru urte hauetan, aldaketa nabarmenena etorkin eskatzaileen kopuruan egon dela diote, ahoz-ahokoa gertatu delagaineratuz: «Europatik ezarritako baldintza batzuk bete behar ditugu. Hala, pertsona guztiek jaso ahal dute laguntza, gutxieneko baldintza batzuk betetzen baldin badituzte. Hortaz, baldintza horiek betetzen dituzten Bermeon erroldatuta dauden etorkin guztiek jaso ahal dute guk ematen dugun laguntza; horregatik, eskatzaile etorkinen kopuruak gora egin du. Beraiek esanda dakigu, gainera, beste herri batetik Bermeora datozela bizitzen, hemen ematen diren laguntzengatik».

Bermeotar eskatzaileen kopurua, hala ere, egonkortu egin dela dio Kate Sareako presidenteak, «nahiz eta beti dagoen kasu berriren bat». Datuek, hortaz, hiru urtetan buelta eman dute. Hasieran, bertokoak ziren eskatzaile gehienak; gaur egun, aldiz, etorkinak dira gehiago.

Bestalde, «laguntzetatik bizitzera ohitu diren» hainbat lagun ere badaudela aipatu du Santiagok, eta horien kontrola «zorroztea» beharrezkoa dela uste du.

Elkartearen inguruan herritar batzuengandik hasieran «uste txarra» zegoela dio Santiagok, baina, hiru urte bete ondoren, mesfidantza hori ez dagoela azpimarratu du. Halaber, elkartea herrian gero eta ezagunagoa dela gaineratu du.