Unai Algorta Bermeo futbol taldeko jokalari ohia omenduko dute hilaren 8an
Unai Algorta Bermeo futbol taldeko jokalari ohia omenduko dute martitzenean. Taldeko kapitain izandakoak merezitako omenaldia jasoko du Itxas Gane futbol zelaian.Herriko taldeak eta Algortaren futboleko lagunek partida jokatuko dute Itxas Ganen, 11:30e...
Herriko taldeak eta Algortaren futboleko lagunek partida jokatuko dute Itxas Ganen, 11:30etatik aurrera.
Aurtengo ekainean 2014-2015 denboraldia bukatzeagaz batera, amaitu zuen futbol ibilbidea bermeotarrak.
UEFA Lurraldeen Kopa
Bestalde, asteburu honetan Hirugarren mailan atsedenaldia dute. Izan ere, Hirugarren mailako taldeetako zenbait jokalarik Euskal selekzioagaz jokatuko dute bihar eta etzi.
Bermeo futbol taldetik esaterako, Iosu Egaña Olano eta Aitor Gonzalez Bilbao jokalariak aukeratu ditu Jonathan Ledesma selekzioko entrenatzaileak.
Txapelketa Hirugarren mailako jokalari amateur-ek jokatzen dute. Hala, Bermeoko taldeko kideekin batera, Balmaseda, Durango, Getxo, Santurtzi, Zalla, Zamudio eta Beasain taldeko jokalariekin osatu dute taldea.
Malagako (Andaluzia, Espainia) Cartama udalerrian lehiatuko dute UEFA Lurraldeen Kopako lehenengo fasea. Euskal selekzioagaz batera, Andaluziako eta Kanariar Uharteetako selekzioak ariko dira nor baino nor gehiago.
Gaur, Andaluzia eta Kanarietako selekzioen arteko norgehiagokagaz hasiko da lehenengo fasea.
Bihar, Euskal selekzioaren eta kanariarraren arteko lehia izango da.
Etzi, berriz, Andaluziako taldearen aurka ariko dira euskal jokalariak.
Hiru partidak 12:00etan hasiko dira.
UEFA Lurraldeen Kopa bi urtetan, bi fasetan lehiatzen dute. Lehen fasea izango da asteburukoa, eta hori irabazten duena, datorren urtean bigarren fasea jokatzeko sailkatuko da. Bigarren fase hori Europako selekzioen artean lehiatuko dute.