EH Bilduk Amankomunazgoan aurkeztutako lehen proposamena erretiratu egin behar izan duela dio EAJ-k
Azaroaren 17an, Amankomunazgoko lehendakari EH Bilduren ordezkari Rakel Elu izendatu eta gero, osoko bilkura egin zuten Amankomunazgoa osatzen duten bi alderdiek. Horretan, lehendakariaren dedikazioa eta soldata eztabaidatu behar ziren. EH Bilduk proposatu zuen lehendakariak aurreko agintaldikoak baino dedikazio handiagoa izatea, eta soldata ere igotzea. EAJk, ostera, aurreko legealdietako dedikazioaren alde egin zuen, eta horren truke ematen den kuota ere mantentzea proposatu zuen. “Amorotok Amankomunazgoa utzi egingo du eta egoera zer edo zer aldatuko da, baina datozen lau urteetan Amankomunazgoak ez du udalerri horren kuotarik jasoko”.
EH Bilduk ez zuen gai horren inguruko akordiorik lortzeko gaitasunik. Eta erabakia Gizaburuaga eta Amorotoren esku geratuko zela ikusita, EAJk abozketa atzeratzea proposatu zuen, “guztientzat onuragarria izango zen adostasuna lortzeko”.
Abenduaren 1ean elkartu ziren berriro ere lehendakariaren dedikazioa eta soldata eztabaidatzeko. EAJk jakitera eman duenez, EH Bilduko kideek aurretik aurkeztu zuten proposamen bera jarri zuten mahai gainean, “ezer aldatu gabe”. Baina proposamena onartzeko beste babes ez zuenez, erretiratu egin behar izan zuen. “Ondorioz, EAJren proposamena onartu zen. Izan ere, Gizaburuagak EAJren proposamenari eman zion botoa”.
EAJko kideek jakitera eman dutenez, EH bilduko akordioak beharko ditu Lea-Artibai Amankomunazgoan proposamenak mahairatzerakona, “legealdi honetan ez duelako izango amankomunazgoa bere irizpideen arabera gobernatzeko gehiengorik”. EAJkoen iritziz, horren adierazle nagusia da lehenenengo proposamen horrekin gertatu dena. “EAJk behin eta berriz defendatuko du gai garrantzitsuak osoko bilkurak egin baino lehen aztertu ahal izatea, Amankomunazgoa osatzen dugun udalentzat onuragarriak izango dira akordioak lortzeko”. Bide beretik, jeltzaleek diote bi alderdien (EAJ eta EH Bildu) eta independenteen arteko akordio globalaren aldeko apustua egin behar dela, “Amankomunazgoa eskualdearen beharrizanei erantzun bateratua emateko tresna egokia eta eraginkorra izateko”.