Euskarak protagonista izaten jarraitu du

'Euskaraz bizi nahi dut' eguna egin zuten zapatuan, Bermeon. Lekeition, berriz, euskararen erabileraren inguruko 'Eixu' izeneko dokumentala prestatu eta aurkeztu duteEuskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekimenek jarraipena izan zuten ast...

‘Euskaraz bizi nahi dut’ eguna egin zuten zapatuan, Bermeon. Lekeition, berriz, euskararen erabileraren inguruko ‘Eixu’ izeneko dokumentala prestatu eta aurkeztu dute

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatutako ekimenek jarraipena izan zuten asteburuan. Euskararen Eguna 365 egunetara zabaltzen dela aldarrikatzen dute herritarrek egun horren harira antolatutako ekimenetan. Bermeon, Euskaraz bizi nahi dut eguna egin zuten zapatuan; Lekeition, berriz, Eixu izeneko dokumentala aurkeztu zuten.

Lekeitioko Udaleko Euskara Sailarekin koordinatuta, hainbat herritar daude Lekeitioko euskararen erabileran eragiteko lanean eta denak lelo berdinarenpean: «Eixu bigarren berbia be euskaraz». Lau lantalde daude sortuta eta horietatik bat Komunikazio lantaldea da. Azken honek Lekeitioko euskararen erabileraren inguruko Eixu izeneko dokumentala prestatu du eta zapatu goizean egin zuten aurkezpena Ikusgarri aretoan.

Horrez gain, bestelako ekintza batzuk ere egon ziren: Umorezko antzerkia: Miren Gojenola, Mikel Laskurain, Ana Elordi eta Fede Badiolaren eskutik, Iñaki Martinez de Luna eta Olatz Altuna adituekin solasaldia eta zerbitzua eta errotuluak euskaraz lehentasunez duten komertzioei sariak banatzea.

Kastañerori omenaldia

Euskararen Kontseiluak bultzatuta eta Bermeoko zenbait talde eragileren partaidetzarekin, aurten ere Euskaraz bizi nahi dut eguna egin zuten zapatuan. Hala, euskararen aldeko kontzientziazioa bultzatzea helburu, kalera atera ziren ume zein nagusiak, eta euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatzeko, hainbat ekintza egin zituzten. Hala, goizean goiz, Taraskan agertu ziren hainbat lagun; menditik ibilaldia egin baitzuten, Bermeoko eta Busturiko mendi taldeekin batera.

Geroago, Lameran, MB 2000 taldeak antolatutako jolasetan parte hartzeko aukera izan zuten bertratutako umeek. Aurreko urtean egin modura, bestalde, Xixili gimnastika taldeko neskek euskarazko zumba saioa ere egin zuten. Kalinpanek ere ez zuen hitzordua galdu gura izan, eta Lameratik ibili zen.

Amaierako ekitaldian, besteren artean, txalapartariek, bertsolariek eta irrintzilariek parte hartu zuten eta Euskaraz bizi nahi dut adierazpena ere irakurri zuten. Aurten, gainera, Begoña Kastañero omendu gura izan dute, euskararen alde egindako lan guztiagatik.