Sare Herritarrak deituta, gaixorik dauden presoak “berehala” askatzeko eskatu dute gaur [abenduak 8] Durangon egindako manifestazio jendetsuan. 3.000 bat pertsona elkartu dira larriki gaixorik dauden presoen eskubideen alde egindako protestan.
Manifestazioaren hasiera, Landako gunean. Argazkia: Iparra Galdu Baik
Manifestazioak, 12:30ean irten du
Durangoko Liburu eta Disko Azoka paretik. Gaixotasun larriak dituzten 11 presoen egoeraz, tartean Ibon Iparragirre Burgoa ondarrutarrarenaz, ohartarazten zuten 11 lagun joan dira manifestazioaren aurrealdean; horien atzetik joan da
Aske eta bizirik SOS, larriki gaixorik dauden presoak etxera! leloa zeraman pankarta eta manifestazio burua.
Gaixo larriak etxeratzeko behin eta berriz aldarrikatu dute Durangoko kaleetan batu diren ehunka pertsonek. “Non daude giza eskubideak?” oihu ugari entzun dira martxan zehar, eta horiez gain, preso gaixoak etxeratzeko aldarriak ere asko izan dira. Mobilizazioa jendez gainezka zegoen Santa Ana plazan amaitu da, eta bertan irakurri dute oharra. Bertan gogorarazi dutenez, pertsona orok du “bizitzarako, askatasunerako eta segurtasunerako eskubidea”, eta gaixo dauden presoen egoeraren larriaz ohartarazi dute.
Bukaera ekitaldia, Durangoko Santa Ana Plazan. Argazkia: Iparra Galdu Baik
Ekitaldiaren amaieran, Teresa Toda Sare plataformako bozeramaileak urtarrilaren 9an Bilboko eta Baionako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin die herritarrei.
Irakurketa positiboa
Bestalde, Iparra Galdu Baik plataformako kideek gaurko ekimenaren inguruko oso irakurketa positiboa egin dute. “Horrelako ekintzak beharrezkoak dira. Izan ere, larriki gaixorik dauden presoen errealitatea kalera ateratzea ezinbestekoa da. Ibon eta gainontzeko preso gaixoak etxeratzen ez dituzten bitartean, mobilizatzen jarraitu beharko dugu”.