Gernika Bizkaia garaile, IDK Gipuzkoaren aurkako euskal derbian

Emakumezkoen ligako euskal derbia jokatu zuten zapatuan, Gernika Bizkaiak eta IDK Gipuzkoak, eta bizkaitarrak nagusitu ziren. Partida berdindua izan zen, eta bost puntuko aldeagaz eskuratu zuten garaipena: 57-62.Gernika-Lumotik joandako zenbait zaletuk...

Emakumezkoen ligako euskal derbia jokatu zuten zapatuan, Gernika Bizkaiak eta IDK Gipuzkoak, eta bizkaitarrak nagusitu ziren. Partida berdindua izan zen, eta bost puntuko aldeagaz eskuratu zuten garaipena: 57-62.

Gernika-Lumotik joandako zenbait zaletuk ere Gascan bertatik bertara jarraitu zuten partida. 600 bat zale bildu ziren, zein bere taldeari gogor animatzeko gogoz. Hasierako minutuetan Claudia Pop jokalariak bereganatu zuen denen arreta. Haren esperientziari errenta ateratzen jakin zuen taldeak, beste behin, eta lehen laurdenean bederatzi puntu pilatzea lortu zuen Popek. Hala, 13-16-ko markagailuagaz amaitu zuten lehen laurdena.

Sentsasio onekin jokatzen ari ziren bi taldeak, baina, gernikarrek zenbait minututan kontzentrazio falta izan zuten, eta hori ondo aprobetxatu zuen aurkariak. Hala ere, zenbait minutu punturik lortu barik egon ostean, Izaskun Garciak hirukoa sartu zuen, 20-19 hurreratuz. Atsedenaldira ere puntu bakarreko aldeagaz heldu ziren: 29-28.

Atsedenalditik bueltan, hainbat hiruko jarraian egin zituen etxeko taldeak, eta horri esker aldea handitzea lortu zuten: 42-34. Baina, talde gernikarreko jokalariak ez zeuden amore emateko prest, eta joko-erritmoa areagotzen hasi ziren. Adrianne Ross jokalari estatubatuarrak erakustaldia emanez, ia zazpi puntu jarraian egitea lortu zuen. Hala, 42-43 amaitu zen hirugarren laurdena.

Azken laurdenean ere bi taldeen jokaldiez gozatu zuten zaleek, eta partida amaitzeko bi minuturen faltan, 53-56 zihoazen. Azken minutuetan, lasai jokatuz defentsa lan sendoa egin zuen Gernika Bizkaiak eta aldeko emaitza horri eutsi zion.