Markina-Xemein kolorez jantzi dute herriko gazteek gaztetxearen urteurrenean
Plazabarripean horma-irudi erraldoi bat irudikatuz hasi zuten jaia. Pala txapelketako finalak frontoi txikian eta Ziortza-Bolibarren jokatu ziren. 50 lagun batu ziren bazkaltzekoBazterrak kolorez astinduz, mundu grisari kolorea ematen dabiltza Markina-...
Plazabarripean horma-irudi erraldoi bat irudikatuz hasi zuten jaia. Pala txapelketako finalak frontoi txikian eta Ziortza-Bolibarren jokatu ziren. 50 lagun batu ziren bazkaltzeko
Bazterrak kolorez astinduz, mundu grisari kolorea ematen dabiltza Markina-Xemeingo gazteak urtez urte, eta horrela erakutsi zuten Akerbeltz gaztetxearen zazpigarren urteurrenean ere. Horma-irudi handi bat irudikatu zuten gazteek Plazabarripean, horma grisaren gainetik koloreak jarriz.Horixe izan zen zapatuan ospatu zuten urteurren jaialdiaren hasiera. Ia hiru orduz egon ziren gazteak Plazabarripeari jantzi berria prestatzen. Mahai bat ere jarri zuten bertan Markinako Gaste Asanbladaren eta gaztetxearen historia azaltzeko. Kartelak eta argazkiz betetako albumak izan ziren historia horren erakusgarri.
Plazabarripearen ondoko frontoi txikian jokatzekoak ziren bai eta pala txapelketako finalak ere. 2. mailako finalistek bertan jokatzea lortu zuten, baina, lehen mailakoak, Ziortza-Bolibarrera joan bahar izan ziren norgehiagoka jokatzera. Hezetasunak sortutako gorabeherak gaindituta, Jon Onagoitia eta Peio Urberuaga izan ziren, azkenean, lehen mailako irabazleak. Bigarren mailakoak, berriz, Juanjo Ausan eta Asier Ibarzabal.
Plazabarripetik gaztetxera igaro zen jaia, eguerdian. Mahai luzeetan jarrita, 50 gazte inguru batu ziren alkarregaz bazkaltzeko. Urtero modura, bapo-bapo bazkalduta, jolasak eduki zituzten ondoren. Hiru lau joko ezberdinetara jolastu zuten, gaztetxearen historia oinarri hartuta.
Gaztetxea jasota, musika katea hartu eta kaleak girotzera abiatu ziren gazteak.
Gauean berriz ere, Akerbeltz izan zen jaiaren muina. 21:30ak aldera buelta egin zuten gazteek bertara, ogitartekoak jan eta Pornox talde lekeitiarraren eta Guri Bost taldearen kontzertuak entzuteko. Eguerdian bezala, jendez bete zen gaztetxea gauean.