Ondarroako Udaleko Aniztasun lantaldeko kideek nabarmendu dutenez, herritarrekin antolatutako partaidetza prozesuaren lehen fasea amaitu ostean, Aniztasun Planaren partaidetza prozesuko bigarren faseari ekingo diote datozen egunotan.
Lehen faseari dagokionez, azaroaren 6an egin zen
World cafe dinamikaren eta proiektuaren aurkezpenaren ostean,
eremukako bilerak egin dituzte hainbat herritarrek. Hain zuzen ere, hezkuntzaren, kirolaren eta kulturaren inguruan egin dituzte batzar horiek. Aniztasun planaz arduratzen ari direnek nabarmendu dutenez, hiru bilera horietan elkarbizitza eta jatorri aniztasunaren inguruan egindako ikerketen ondorio nagusiak konpartitzeko aukera egon da. “Horrez gain, egoeraren gaineko diagnosia osatu eta aniztasuna nahiz integrazio kontzeptuen inguruko gogoeta ere egin dugu”.
Herritarrak aniztasun planaren lehen dinamikan parte hartzen
Bigarren fasean, ostera, herritar eta eragileekin batera, eta egindako diagnostikoaren gainean, Ondarroan aniztasuna eta elkarbizitza lantzeko zer egin behar den
gogoeta egiteko tartea egongo dela aurreratu dute. Urtarrilean egingo den asanbladan herritar guztien artean Aniztasun Plana adostu aurretik, zer egina egongo dela azpimarratu dute. “Zein eremu indartu behar dugu? Zein lan lerro izan behar ditu lanketak? Nola?… Datozen lan saioetan, beraz, zuen proposamenak jasoko dira”.
HURRENGO BATZARRAK
- Abenduak 11, barikua
- 18:00. Kultur arloko batzar zabala, Kofradia Zaharrean
- Abenduak 14, astelehena
- 18:00. Hezkuntza arloko batzar zabala, Kofradia Zaharrean.
- Abenduak 16, Eguaztena
- 18:00. Kirol arloko batzar zabala, Kofradia Zaharrean.