Bizkaiko Txakur Federazioak antolatzen duen Txakurren Nazioarteko 50. Erakusketan sari garrantzitsua lortu du Ion Kerejeta mutrikuarraren
Mendi txakurrak. Enkarterriko Alanoa arrazako txakur mutrikuarrak Espainiako Edertasun Saria lortu du, Alanoen kategoria absolutuan. Horrez gainera, saria lortu duen Alanorik gazteena ere bada.
Udaberrian gazte mailako edertasun saria lortu zenuten, eta orain, kategoria absolutukoa irabazi duzue.
Sari guzti hauei esker, ia galtzear egon den arrazari merezi duen balioa eman diote. Madrilen lortutakoa ederra izan bazen, saria Euskal Herrian lortzea sekulakoa izan da. Arraza bera, jatorriz euskalduna da, eta hori ezagutzera ematen ari gara Alano Enkartatuak Elkarteko kideok. Sari guzti hauei esker, gainera, nazioarte mailan arrazarekiko interesa duen jendea gehitu egin da.

Ion Kerejeta, ‘Mendi’ Alano enkartatu arrazako txakurrarekin batera
Orain gutxi gazte mailan saria irabazita, zer dela eta erabaki zenuten Mendi maila nagusian aurkeztea.
Orain arteko ibilbidea oso ona zela ikusita, maila absolutuan parte hartzeko gai ikusi genuen.
Bilboko txapelketari dagokionez, zelakoa izan zen?
Espainia mailan dagoenik eta txapelketa ezagunena da. Europa osotik etorritako 3.900 txakur inguru batu zituen gertaerak. Bertan gainera, Espainiako txapelketa irabazteko derrigorrez irabazi beharreko puntua zegoen jokoan, eta berau irabaztea lortu genuen.
Derrigorrez irabazi beharreko puntua beste inon eskuratzeko aukerarik egon da?
Bai, derrigorrezko puntuak hiru tokitan eskuratu ahal izan dira aurten: Toledon (Gaztela-Mantxa, Espainia), Leonen (Gaztela eta Leon, Espainia) eta Bilbon.
Guztietan parte hartu duzue?
Ez, Toledokora ez aurkeztea erabaki genuen.

‘Mendi’ eta Ion Kerejeta
Eta hori?
Alano Enkartatuak Elkarteko kideok txapela ateratzekotan, Bilbon izan behar zuela iruditu zitzaigun. Guk hezitako txakurren gaitasunetan asko sinesten dugu, eta aukera on bat galdu eta asko arriskatzea bazen ere, Euskal Herrian irabazteak sekulako ilusioa egiten zigun.
Zelan joan zen Leongo esperientzia?
Egia esan, ez genuen espero irabaztea. Maila oso handia zegoen, eta puntua lortzea oso zail ikusten genuen. Gure asmoa, puntuazioari dagokionez, Leonen bikain bat jaso eta Bilbon CAC (Espainiako Txapelketarako Gaitasun Agiria) maila lortzea zen.
Zer da CAC hori?
Nazioarteko txapelketetan lortu daikete bakarrik; epaileak maila absolutuko arrazako ar edo eme onenari ematen dio.
Eta txapelketa hauetan, batez ere, zer baloratzen da?
Epaimahaiak, oro har, txakurraren morfologia eta bere izaera nolakoa den kontutan hartzen ditu. Mendik, egia esan, bere jarrera onagatik irabazi du saria. Txakurra txapelketara oso ondo prestatuta eta erakutsita joaten dela azpimarratu digute epaimahaiko kideek. Txakur oso orekatua da, eta txapelketa guztian oso kontzentratuta egoten da.

Ion Kerejeta eta bere txakurra
Derrigorrezko puntuaz gain, beste txapelketa batzuk ere kontutan hartzen ari dira?
Bai. Puntu horrez gain, gutxienez, beste bost txapelketa irabazi behar izaten dira. Txapela janzteko, hain zuzen ere, horietan guztietan CAC bat lortzea derrigorra da.
Bilbora, hortaz, puntu guztiak lortuta ailegatu zineten.
Nota on bat aterata ere nahikoa izango zen, baina notarik altuena lortu genuen hor ere.
Mendirekin arretan lortu duzue saria. Muturrekin emeetan, noiz?
Mutur kumeak eduki berri dago, eta azken txapelketa honetara ezin izan da aurkeztu. Baina, beharrezkoak diren CAC guztiak lortuta ditu, derrigorrezko puntua falta zaigu bakarrik.
Etorkizunera begira beste txapelketa batzuetan parte hartzeko asmorik baduzue?
Hurrengo urtera begira Frantziako txapelketetan ere parte hartu nahi dugu. Pauera eta Bordelera joateko asmoa dugu.